Izetu Gazte Asanbladak agerraldi bat egin zuen atzo arratsaldean, Galdakaoko (Bizkaia) Gaztetxe berriaren aurrean. Aurreko larunbatean jakinarazi zuten Muguruko fabrika zaharra ireki dutela berriki, Gaztetxe bilakatzeko. Espazioa arriskuan dagoela ohartarazi zuten atzo, dena den: eraikinaren jabeak igandean esan zien salaketa jarri duela. Poliziak astelehenean identifikatu zuen gazte bat, eta herenegun jakin zuten epaiketa egingo diotela, Gaztetxearen irekierari lotuta. Gaur, baina, berri gehiago izan dira: asanbladak jakin du kautelazko desalojo-agindua dagoela indarrean Gaztetxearen kontra, eta beraz, edozein unetan sar daitezke eraikinera hura husteko.
Asanbladak jakinarazi du "inoiz baino indartsuago" dagoela eta Gaztetxea defendatuko duela. Atzo, agerraldian, mobilizazio-deialdi baten berri ere eman zuen: Gaztetxea aldarrikatzeko eta epaiketa bertan behera gera dadila exijitzeko, manifestazio batera deitu zuen gaur arratsalderako; 19:00etarako jarri zuen hitzordua Galdakaoko Iturrondo plazan. "Gaztetxeak aurrera egin eta desalojoa bertan behera uzteko exijitzen diegu bai jabeari eta bai bertan eragina izan dezaketen instituzio publikoei", zioen.
"Urte luzeak daramatzagu herrian Gaztetxerik gabe. Ortuondo eta Muguruko saiakeren ondoren Galdakaoko gazteak kale gorrian aurkitu ginen", ekarri zuten gogora atzoko prentsaurrekoan. Iazko ekainean aurkeztu zuten Izetu Gazte Asanblada, eta hamaika gaztek buru-belarri jardun dute ordutik, gazteentzako espazio baten beharra nabarmenduz besteak beste. "Gaztetxearen aldeko asteburuaren ondoren asteak ibili ginen kaleak Gaztetxearen aldeko aldarriz betetzen, eta azkenean, Bizkai kalen hamarkada luzez hutsik egon den eraikina Gaztetxe bezala aurkeztu genuen aurreko larunbatean". "Gazteak antolatzeko, elkartzeko eta eztabaidatzeko leku moduan" erreibindikatu zuten espazioa.
"Gaztetxearen proiektua fase berri batean aurkitzen da orain. Edozein momentutan desalojoa izan daiteke", azaldu zuten atzo. Horiek horrela, Galdakaoko kolektibo eta herritarrei dei egin zieten Gaztetxea defendatzera eta gaurko mobilizaziora batzera.