Atzo arratsaldean, 19:00etan Iturrondo plazatik abiatuta, ehunka gaztek hartu zituzten Galdakaoko (Bizkaia) kaleak, Gaztetxea defendatzera deitzeko. Izan ere, berehalako desalojo-arriskuan dago espazioa: eraikinaren jabe legalak ipinitako salaketa tarteko, kautelazko neurriak hartu dituzte Gaztetxearen kontra, hura hustu dezatela eskatuz. Polizia, beraz, edozein momentutan sar daiteke espaziora hura desalojatzera, Izetu Gazte Asanbladak atzo jakinarazi zuenez.
Egoeraren berri eman eta ordu gutxira izan zen Gaztetxearen aldeko manifestazio jendetsua. Izetu Gazte Asanbladak aurreko larunbatean aurkeztu zuen espazio berria, "gazteak antolatzeko, elkartzeko eta eztabaidatzeko leku" bat izango dela azalduz, "gazteon benetako interesak lehen lerroan jarriko" dituena. Ordutik, ekimen ugari egin dituzte Galdakaoko Gaztetxe berrian eta gazte ugari bertaratu dira parte hartzera nahiz babesa ematera, baina ziurgabetasuna ere izan da nagusi, gazte-proiektua finkatzeko bidean. Poliziak pertsona bat identifikatu zuen eta epaiketa-prozesu bat zabaldu zuten bere kontra, eta Izetuk azkenean epaiketa atzeratzea lortu badu ere, kautelazko desalojo-agindua sartu dute indarrean Gaztetxea husteko.
Gazte Asanbladak argi du, ordea: Gaztetxea defendatuko du. Eta gazte galdakoztarrez gain, Euskal Herriko hamaika Gaztetxetako kideen babesa ere izango du; atzo bertan bertaratu ziren Galdakaora asko eta asko, elkartasuna adieraztera. Izetuk zenbait exijentzia egin zituen mobilizazioaren amaieran: eraikinaren jabeari eskatu zion bertan behera utz dezala jarritako salaketa eta desalojo-prozesua geldi dadila exijitu zuen, baita egoerari aurre egiteko negoziazio-mahai bat eratzea ere. Instituzio publikoei, hala, "beren esku dagoena egiteko" deia luzatu zien. Asanbladak, bere aldetik, borrokan segituko du desalojoa geratzeko eta hainbeste gaztek egindako lanaren emaitza den Gaztetxe berria zutik mantentzeko.
Egitaraua asteburuan
Datozen egunetan Gaztetxean antolatutako ekimenetan parte hartzea ezinbestekotzat jo dute Izetuko kideek. Gaur, larunbatez, autodefentsa-tailerra egingo dute 11:00etan eta bazkaria 14:30ean, bingo musikatuarekin jarraian. 17:00etan, berriz, DJ tailerra eskainiko dute. Bihar, igandez, goizetik segituko dute egitarauarekin: joko-goiz girotua izango dute 11:00etatik aurrera. Iluntzerako, 20:00etarako hain zuzen ere, zineforuma prestatu dute: Faisaien irla emango dute.