AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Danbolin
2023/02/23 10:51

Zestoako (Gipuzkoa) Gazte Asanbladak duela bi urte ekin zion Gaztetxea herriko zentrora tokialdatzeko borrokari, gaur egungo azpiegiturak dituen muga nabarmenak gainditzeko eta Gaztetxearen jarduna zabaltzeko asmoz. Hiruko mahai bat sortu zuten Zestoako Udalarekin eta Elizarekin, Gaztetxea zentroko lokal batera lekualdatzeko aukerari heltzeko; hain zuzen ere, Zestoako zine zaharrak eta elizako zentroak osatzen duten eraikinera. Ordutik, herrian indarra hartu du Gaztetxea zentrora tokialdatzearen aldeko aldarriak.

Negoziazio-mahai horretan, duela urte eta erdi hartu zen Gaztetxea zentroko lokal horretara aldatzeko konpromisoa, baina, gaur-gaurkoz, ez da horretarako inolako bermerik eman. "Urte eta erdi goaz hitzeman zitzaigun espazioa lortzeko prozesuarekin lanean, eta, egun, udal gobernuarekin eta Elizarekin hiruko mahaia osatzea lortu dugun arren, prozesuaren amaiera mugagabe luzatzen ari zela ikusi dugu", adierazi du berriki Zestoako Gazte Asanbladak. "Gazteen hitz egiteko eta egokitzapenak egiteko borondatearen aurrean, traba burokratiko eta oztopo amaigabeak izan dira jaso dituztenak", gaineratu du Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak.

Hortaz, eta udal agintaldiaren amaiera gerturatzen ari dela ikusita, zentroko lokala birjabetu zuten duela zenbait egun asanbladako kideek. "Gaztetxearen arazoari behin betiko soluzioa emateko negoziaketak ahalik eta azkarren aurrera eramango direnaren bermeen beharra dugu", azaldu dute.

"Egoerak sor ditzakeen kezkak nahiz galderak argitzeko", batzar bat antolatu dute biharko, ostiralerako. 19:00etan izango da batzarra, Alonderoko aretoan.

Poliziaren jazarpena, atzo

Atzo arratsaldean jakinarazi zuten Ertzaintza bertaratu zela Gaztetxe berrira, eta han zeuden gazteak jazarri zituela. Sei pertsona identifikatu zituzten poliziek, eta eraso egin zioten Zestoako Gazte Asanbladako kide bati: "Bortizki heldu eta objektu pertsonalak kendu dizkiote. Ertzaintzak oso jarrera bortitza izan du, eta beldurtzeko estrategia desberdinak erabili ditu".

Ertzainen mehatxuak ere jasan behar izan zituzten Gaztetxean zeuden gazteek. "Irteteko eskatu diete, irten ezean, asanbladako kide bat eramango zutela mehatxatu eginez", salatu zuten asanbladako kideek. Gaztetxearen auziari "behin betiko soluzioa" emateko bidean, borrokan jarraituko dutela esan dute.

EZ DAGO IRUZKINIK