Garaziko Gaztetxeari bizi berri bat emanez, Continantal hotela okupatu dute gaur goizean Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), Gaztetxe bilakatzeko. "Gaur pauso berri bat eman dugu Gaztetxearen aldeko borrokan", aldarrikatu dute bertan diren gazteek: "Aitzineko belaunaldiei lekukoa harturik, azken hilabeteetan dinamika berri bat martxan eman dugu, helburu duena herritarrei dohainik den espazio zabal bat eskaintzea".
Jakinarazi dute denbora daramatela hamaika kolektiborekin, elkartekin eta bizilagunekin biltzen, eta hala ondorioztatu dutela jende andanak jotzen duela beharrezkotzat Gaztetxe bat. "Gazte Asanbladaren hastapenetatik, espazio baten beharra aldarrikatu dugu, gure jarduna aitzinera eraman ahal izateko. Urte horietan guztietan zehar, Herriko Etxeak hainbat promesa eta aitzakia faltsuz ukatu digu espazioa", ekarri dute gogora. Izan ere, orain arte Gaztetxea izandako espazioa ez zuen Herriko Etxeak eman; eta "bertako baldintzak ez dira egokiak" Gaztetxe modura garatzen segitzeko, asanbladako kideek salatu dutenez. "Zentzu horretan erabaki dugu Donibane erdian hamar urtez hutsik egon den espazio hau biziaraztea. Eskubideak eta espazioak borrokaren bidez irabazten dira".
"Gazteen politizazioari eta aisialdiari" begira ireki dute espazio berria. Gaur egungo testuinguruari erreferentzia eginez, ezinbestekotzat hartu dute "faxismoaren gorakadari, gerla inperialisten areagotzeari eta biziaren kariotzeari" kontra eginen dion espazio bat bermatzea; baita aisialdirako doako eredu bat eta "manera enpresariala" gaindituko duena eskaintzea ere. "Herriko hutsuneez ohartu eta horiei erantzuteko espazio bat irekitzea erabaki dugu, beraz, ez da gure behar bat, herriarena baizik", nabarmendu dute gazteek.
"Gaztetxeen egoera ikusirik Ipar Euskal Herrian, beharrezkoa iruditzen zitzaigun horien aldeko borroka indartzea, eta horien defentsan Gaztetxeen artean sostengua eta elkartasuna antolatzea", seinalatu dute bestalde. Gogorarazi dute, gainera, Gaztetxea ez dela "leku fisiko bat bakarrik", "antolatzeko eta borrokatzeko tresna kolektibo" bat baizik; "doako aisialdia eskaintzeko, kultura alternatiboa antolatzeko, politizatzeko espazioak sortzeko, ideia eta jarrera erreakzionarioen kontra egiteko, euskarari arnasgune bat emateko eta herriko problematikei erantzuteko tresna, besteak beste". Garaziko Gaztetxean parte hartzera deituz, Gaztetxeen aldeko oihu ozen bat egin dute espazio berritik.