AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EFE/EITB-ren bidez
2025/09/01 10:53

Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) aurreko ostiralean egin zuen ikasturteari hasiera emateko ekitaldi politikoa, Zarauzko (Gipuzkoa) malekoian. Besteak beste, polizia-indarrak aldarrikatu zituen agerraldian, nagusiki Ertzaintza; eta Poliziarekiko jarrera politiko kritikoa seinalatu zuen.

Euzkadi Buru Batzarreko lider Aitor Estebanek hartu zuen hitza Zarautzen, eta Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) seinalatu zuen hitzaldiaren zati batean. Izan ere, GKSri leporatu zion, Euskal Herriko hainbat tokitan, gazte antolatuek Poliziarekiko jarrera kritikoa erakutsi izana, posizio hori "Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren aurkako erasotzat" joz eta hura kriminalizatuz.

Oraingoan ere, nagusiki Ertzaintzaren defentsa egin zuen Estebanek, ertzainen azken interbentzio biolentoei entzungor eginez berriz; hala nola, Gasteizko (Araba) Andre Mari Zuriko karga eta atxiloketa bortitzei edo Bilboko (Bizkaia) Etxarri Gaztetxearen desalojoko kargei, pertsona baten mutilazioa barne. "Gu Ertzaintzaren alde gaude", aldarrikatu zuen EAJko liderrak: "Polizia demokratikoa, XXI. gizaldikoa eta Euskadiko erakundetzaren alor garrantzitsua da. Trantsizioan gure Herriaren ezinbesteko eskaria izan zen. Ertzaintza eukitzea lorpen itzela da, eta ez dugu zikindu edo baztertuko, batzuek hori nahi izan arren".

Hitzaldi berean, Estebanek dagoeneko desagerturik dagoen ETA erakundearekin lotu nahi izan zuen, gaur egun, polizia-indarrekin kritiko izatea. "Ertzaintzak ETAri aurre egin izanak min egiten die", gaineratu zuen bat-batean.

EZ DAGO IRUZKINIK