Burlatan (Nafarroa) agerraldi bat egin dute gaur Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) eta Ikasle Abertzaleakeko (IA) hainbat militantek. Duela bi aste jakinarazi zuten Gazte Topagune Sozialistaren aurtengo edizioa debekatu nahian ari dela EH Bildu-Sortu: gazteek hainbat hilabetez izan dute Burlatako eta Atarrabiako (Nafarroa) udal kudeatzaileen ahozko baimena Topagune Sozialista bi herri horietan egiteko, baina, azken unean, ustezko arrazoi tekniko batzuk aitzakiatzat hartuta, ekimena debekatu nahian ari dira EH Bildu-Sortuk gidatutako bi udalak.
GKSk eta IAk gaurko agerraldian azaldu dutenez, "jarrera hori alde batera uzteko eta irtenbidea bilatzeko" deia egin zieten EH Bildu-Sortuko kideei: "Gure partetik, minimo batzuen barruan Topagunea moldatzeko prest geundela adierazi genien, bai eta adostasunera iristeko borondate politikoa geneukala ere. Azken aste hauetan, ordea, ez dugu beraien partetik inolako erantzunik jaso".
"Alderdi politikoengandik modu independentean antolatzen garen gazteon kasuan, [EH Bildu-Sortuk] ez dute dialogoaren kultura aplikatzen, nahiago izan baitute herri mailan egoera tentsionatzea"
Are gehiago: gazteek salatu dutenez, "hartu dituzten erabakien zergatiak azaldu ordez, eta aurpegirik eman gabe", EH Bildu-Sortuko kideak "auzotarrak eta herritarrak Mugimendu Sozialistako kideon aurka jartzen saiatu dira une oro". "Alderdi politikoengandik modu independentean antolatzen garen gazteon kasuan, ez dute dialogoaren kultura aplikatzen, nahiago izan baitute herri mailan egoera tentsionatzea", gaitzetsi dute. Hala, dei egin diote "EH Bilduren oinarri sozialeko jendeari horren guztiaren inguruan hausnartzera eta horrelako jarrera baztertzaileak alde batera uztera".
Beto politiko baten zuritzea
Topagune Sozialistari jarritako "betoa justifikatzeko" EH Bildu-Sortuk erabili dituen arrazoiak gogorarazi dituzte GKSk eta IAk: "Funtsean, honakoa da adierazi dutena: batetik, inoiz ez dugula Topagunea antolatzeko baimenik eduki eta, bestetik, Atarrabian soilik makrojaialdi bat egin daitekeela urtean". Bi argudio nagusi horiek gezurtatu dituzte gazteek, banan-banan.
Azken hilabeteetan eduki duten ahozko baimenari dagokionez, xehatu dute bi udalerrietan "behin baino gehiagotan berretsi" dietela baimen hori udaletatik: "Ez dauka zentzurik pentsatzeak, inolako baimenik gabe, Topagunea antolatzeko izugarrizko lana eta diru inbertsioa egingo genituenik hainbat hilabetez". Ohartarazi dute, gainera, lan eta diru galera hori guztia GKSk eta IAk hartu beharko dutela euren gain orain. "Guri interesatzen zitzaigun bakarra Topagune Sozialista bermeekin antolatzea zen; izan ere, garrantzia handia ematen diogu Euskal Herriko milaka gazte politizatu batzeko espazio bat irekitzeari", argitu dute: "Bertan [Topagunean] aktualitatearen inguruan hausnartzen, ideia ezberdinak eztabaidatzen eta gure arteko komunitatea sendotzen dugu".
"Guri interesatzen zitzaigun bakarra Topagune Sozialista bermeekin antolatzea zen; izan ere, garrantzia handia ematen diogu Euskal Herriko milaka gazte politizatu batzeko espazio bat irekitzeari"
Horri lotuta, Atarrabian urtean "makrojaialdi" bat soilik egin daitekeela esanez EH Bildu-Sortuk bilatu duen justifikazioaren harira, argi hitz egin dute GKSk eta IAk: "Jakina da Topagune Sozialista ez dela festarako makrojaialdia, eta aurreko edizioetan erakutsi dugu Topaguneak ez duela herriko eguneroko dinamika oztopatzen; are gutxiago aurtengo kasuan, bi herritan [Atarrabia eta Burlata] sakabanatuta baitago Topaguneko egitaraua".
Topagune Sozialista moldatzera behartuta, baina aurrera
Gazteek jakinarazi dute aurrera jarraituko dutela Gazte Topagune Sozialistarekin, debekuen gainetik: "Gazteok bizi dugun pobretze egoeraren aurrean, kontzientzia politikoa pizteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko elkargune bat modu burokratiko batean debekatzea guztiz onartezina da; are gehiago, motibo politiko eta arbitrarioetan oinarritutako debekua denean".
"Gazteok bizi dugun pobretze egoeraren aurrean, kontzientzia politikoa pizteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko elkargune bat modu burokratiko batean debekatzea guztiz onartezina da"
Esplikatu dute, baina, "EH Bilduk eta Sortuk jarrera debekatzaile zein baztertzailearekin jarraitzen dutenez, eta irtenbidea bilatzeko inolako borondate politikorik ez dutela erakutsi ikusita, Topagune Sozialista moldatu" behar izan dutela: "Beraiek [EH Bildu-Sortu] ez bezala, ez dugu herrian gatazkaren logika elikatzea bilatzen. Horregatik, Topaguneko egitaraua moldatu egingo dugu, Topagunea bermeekin egin dadin".
Aldaketa horien berri ere eman dute gaurko agerraldian. Lau eguneko Topagune bat egin beharrean, aurtengo edizioa murriztu eta bi eguneko egitarau bat antolatu dute, "nahiz eta horrek izugarrizko mugak jartzen dizkigun egitarau zabal bat ospatzeari begira". Xehatu dute, beraz, urriaren 13an eta 14an izango dela datorren Gazte Topagune Sozialista, Atarrabian nahiz Burlatan.
"Gazteon artean pentsamendu kritikoa bultzatzeko, ez dugu udal debekatzaileen baimenik behar"
Horretaz gain, aldaketak egin dituzte eguneko zein gaueko ekimen zehatzetan. "Egunean zehar, Atarrabian eta Burlatan zenbait ekimen egingo ditugu. Gazteon artean pentsamendu kritikoa bultzatzeko, ez dugu udal debekatzaileen baimenik behar", aldarrikatu dute GKSk eta IAk. Konpromisoa hartu dute, gainera, egunez izango diren ekimen horiek ez dutela "herriko egunerokotasuna oztopatuko; izaera politikoko egitaraua izango baita, bi egun horietan hitzaldiak eta aldarrikapenak egitera bideratuta egongo dena".
Gaueko ekitaldiei dagokienez, GKSko eta IAko kideek aditzera eman dute eskaintza murriztu behar izan dutela eta beste leku batean eramango dituztela aurrera, "jakinik gaueko egitarauak sortu ohi dituela bizilagunekin arazo gehien". "[Atarrabiako] Udalak ez ditu baliabide publikoak erraztu gaueko egitaraua berme guztiekin egiteko; herritarrak lehenesten dituela dioen bitartean, gu izan gara egitaraua moldatu eta herritarrak kontuan hartu dituena", seinalatu dute, hala ere.
Hemen ikus daiteke Gazte Topagune Sozialistaren egitaraua, aldaketa guztiekin.
"[Atarrabiako] Udalak ez ditu baliabide publikoak erraztu gaueko egitaraua berme guztiekin egiteko; herritarrak lehenesten dituela dioen bitartean, gu izan gara egitaraua moldatu eta herritarrak kontuan hartu dituena"
Lan eta oztopo sistematiko bat
EH Bildu-Sortuk Gazte Topagune Sozialista debekatu izanari buruz hausnartu dute GKSk eta IAk. "Behin baino gehiagotan erakutsi duten jarrera baztertzaile horren oinarrian honako auzia dagoela ulertzen dugu: kapitalismoaren krisialdiarekin batera, bizi-baldintzak erabat okertzen ari dira eta, aldi berean, gazteriaren artean bestelako ikuspegi politikoak hedatzen ari dira; kasu honetan, komunismoarekin lotuta dauden ideiak, bai eta gero eta antolakuntza gradu handiagoak ere. Gauzak horrela, gazteria politizatuaren gaineko hegemonia galtzen ari da EH Bildu-Sortu, eta egoera horri aurre egiteko bitarteko ezberdinak erabiltzen ditu, estatu eta udal instituzioak barne", atera dute mahaira.
"Gazteria politizatuaren gaineko hegemonia galtzen ari da EH Bildu-Sortu, eta egoera horri aurre egiteko bitarteko ezberdinak erabiltzen ditu, estatu eta udal instituzioak barne"
Horren guztiaren oinarrian "sakoneko arrazoiak" daudela azpimarratu dute gazteek: "EH Bildu espainiar instituzioen baitako alderdi bat bihurtu da, momentu honetan, Espainiako Gobernuaren euskarria eta aliatua dena. Bere jokamolde politikoa, beraz, Estatuan integratzearen eta bertan erreformak negoziatzearen koordenadetan kokatzen da".
Gainera, bere "iragana kontuan edukita eta kale mailan presentzia duela probestuta (gainontzeko alderdiek ez bezala)", gaur egun, Ezker Abertzalearen eginkizunetako bat "erreforma politikoaren parametroetan kokatzen ez diren langileriaren adierazpen politikoak oztopatzea eta jazartzea" dela gaitzetsi dute GKSk eta IAk. Hortaz, Ezker Abertzaleak, besteak beste "gazte langile sozialistak geldiarazteko funtzioa" bere gain hartu duela nabarmendu dute, eta "behin baino gehiagotan" geratzen dela agerian "jokamolde hori". Horren adibide modura aipatu dituzte "beto politikoak eta ekimenak egiteko zailtasunak EH Bilduren hainbat udaletan, betoak txosnetan, Mugimendu Sozialistaren propaganda kentzea, intoxikazio saiakerak, eta abar".
"Horren guztiaren aurrean, garrantzitsua deritzogu langileok instituzioetatik harago politika egiteko ditugun eskubideak defendatzea", erreibindikatu dute GKSk eta IAk. Azpimarratu dute, bestalde, "jendartearen ekarpena" ezinbestekoa dela Topagune Sozialistari jarritakoa bezalako "debeku eta arbitrariotasunak errepikatu ez daitezen".
"Horrelako debeku eta arbitrariotasunak errepikatu ez daitezen, ezinbestekoa da jendartearen ekarpena"