AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Diario Red
2024/11/06 12:41

Pertsona migranteentzako zentro erraldoi bat dago Alcalá de Henaresen (Madril), eta bertan zeukaten Diallo Sissoko gazte maliarra. Sissoko itsasoz iritsi zen Kanarietara, eta handik mugiarazi zuten Alcalára, 21 urte zituela. Urriaren 21ean hil zen, mina zela-eta astebetez kexatu eta osasun-arreta negargarria jaso ondoren.

Sissokok urriaren erdialdean jakinarazi zuen min handia zuela toraxean, buruan eta hanketako batean, eta astebete igaro zuen horretaz ohartarazten. Urriaren 15ean eraman zuten Asturiasko Printzipea Ospitalera, "goiko arnasbideetako infekzio bat" zuela iritzita, baina analgesikoak eta antiinflamatorioak besterik ez zizkioten eman.

Hori eta gero ez zuten berriz eraman ospitalera, sintomekin eta minekin jarraitu arren. Badirudi infekzio bat zuela arnasbideetan, baita tronbo bat ere, hanketako batean. Zentroan laguntza eskatu zuen aldi gehienetan, ez zegoen medikurik bertan: erizain laguntzaile bat baino ez zegoen.

Urriaren 21ean, goizaldeko 05:00ak igarota, ohetik erori zen Sissoko, min biziz eta negarrez. Lekukoen esanetan, erabat etsita eskatzen zuen laguntza, baina 07:45ean eraman zuten zentroko erizaindegira. Bertan, behatu baino ez zuten egin. Gazteari bihotz-birikak gelditu arte ez zioten anbulantzia bati hots egin zentrotik, baina beranduegi zen jadanik: larrialdi-zerbitzuek ez zuten lortu bera salbatzea.

1.500 pertsona, baina osasun-arretarik ez

Alcalá de Henaresko makrozentro horretan 1.500 lagun inguru daude gaur egun, gehienak itsasoz Kanarietara heldu direnak, eta jasotzen duten osasun-arreta negargarria salatu dute. Migrazioen Estatu-Idazkaritzak ez du behartzen halako zentroetan osasun-zerbitzuak izatera.

Protesta egiteagatik zigortuak

Sissoko hil ondorengo egunetan, protestak egin zituzten zentroan dauden pertsonek. Segurtasun-indarrek, ordea, modu bortitzean zanpatu zituzten protestak: bertan izan zen lagunetako batek elDiario.es atariari azaldu dionez, segurtasun-indarretako agenteek lurrera bota eta eskuburdinak jarri zizkioten.

Bost orduz eduki zuten atxilo, eta bere "borondatezko irteeraren" berri ematen zuen agiri bat sinatzera behartu zuten gero, mehatxu artean. Adierazpena sinatu behar izan zuen gazteak, eta zentrotik bota zuten. Kale gorrian egin behar izan zuen gau hori.

Espainiako Immigrazio Sarearen arabera, Sissokoren heriotza salatzeko, 29 pertsonak ekin zioten gose grebari Alcalá de Henaresko zentroan. Mehatxu egin diete, baina, kanporatu egingo dituztela esanez.

EZ DAGO IRUZKINIK