AKTUALITATEA / Errepresioa
Gazte bat lurrera bota eta atxilo eraman du Espainiako Poliziak Iruñean
Espainiako Poliziak Jarauta kalean bizikletan zihoan gazte bat bota du lurrera, eta gero, atxilotu egin du. Jazotakoa ikusi duten bizilagunek protesta egin dute balkoietatik, eta "Viva España" oihu artean erantzun dute poliziek.
2020eko apirilaren 13
Gazte bat lurrera bota eta atxilo eraman du Espainiako Poliziak Iruñean

Hainbat norbanakok sare sozialetan eman dute Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharrean jazotakoaren berri: gaur, apirilak 13, gazte bat lurrera bota eta atxilotu du Espainiako Poliziak, Jarauta kalean.

Bizikletan zihoan gaztea, eta lekukoetako baten arabera, bere atzetik joan dira poliziak. Kale erdian trebesean jarri dira autoarekin, eta orduan, gaztea lurrera jaurti, besoetatik heldu eta eskuburdinak ipini dizkiote. Espainiako Poliziaren auto gehiago bertaratu dira Jarautara, eta atxilo eraman dute.

Balkoietatik protesta egin dute gertatutakoa ikusi duten hainbat bizilagunek. Azaldu dutenaren arabera, "Viva España" oihuekin erantzun diete poliziek megafonotik.