AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Mohammed Abd El Ghany
2024/07/03 14:35

Palestinako familia batek El Salto-ri azaldu dionez, sionisten eraso kriminaletatik ihesi doazen palestinarrei dirua kobratzen ari dira Egiptoko mugan. Une honetan, Euskal Herrian, Egipton eta Jordanian banatuta bizi dira familia horretako kideak. Zenbaitek joan den otsailean erabaki zuten Gazako Zerrendatik ihes egitea, Egiptoko muga igarota.

Mugara heltzean, familiako kideetako batzuei pasatzen utzi zieten; nazionalitate jordaniarreko agiriak erakutsi zituzten. Senideetako bati, baina, ez zioten Gazatik irteten utzi nahi, berak ere pasaporte jordaniarra izan arren. Israelgo Estatu sionistak emandako zerrenda beltz bat zeukatela esan zuten soldadu egiptoarrek, muga nork igaro behar ez duen seinalatzeko, eta zerrenda horretan omen zegoen bere izena.

Dena den, truke bat proposatu zioten Egiptoko militarrek: diru kantitate bat ordaintzen bazuen, muga igarotzen utziko ziotela jakinarazi zioten. El Salto-ren arabera, palestinar bakoitzeko, 5.000 eta 10.000 dolar artean kobratzen ari dira soldadu egiptoarrak, eraso sionistetatik ihesi doazenei Gazatik irteten uztearen truke. Batzuek hainbat hilabete behar dituzte diru hori guztia biltzeko; horixe izan da aipatutako komunikabideak elkarrizketatu dituen palestinarren eta euren senideen kasua.

Militarrek eskudirutan baino ez dute kobratzen, eta dolarretan. Nabarmendu dute, gainera, ez dela ezkutuan egiten den ordainketa bat: soldaduak beraiek dira dirua jasotzen dutenak.

EZ DAGO IRUZKINIK