Gazan su-etena ezartzeko akordio batera iritsi dira Israelgo Gobernua eta Palestinako erresistentzia, estatu sionista Gazako Zerrendan 2023ko urritik egiten ari den genozidioaren amaiera ekar dezakeena. Bi urteko erasoek 67.000 palestinar baino gehiago erail dituzte jada, desagertuen kopuru mugagabea eta hondamendi humanitario erraldoia eraginez.
Donald Trump AEBetako presidenteak aurkeztu eta Qatarrek, Egiptok eta Turkiak zuzendu dute hogei puntuko plana. Erabakien barruan sartzen dira Israelgo Estatuak martxan dituen operazio militar guztiak berehala bertan behera uztea, okupazio-armadaren zati bat adostutako lerroetara erretiratzea, datozen 24 orduetan Gazan laguntza humanitarioa masiboki sartzea, eta hurrengo 72 orduetan presoak trukatzea.
Benjamin Netanyahuren kabineteak berretsi egin du akordioa, nahiz eta alde fundamentalistena aurka egon; izan ere, palestinarrak erabat kanporatzea eta Gaza guztiz kolonizatzea eskatzen du. Itunak 2.000 preso palestinar askatzea aurreikusten du, hogei preso "israeldar" bizirik eta beste 28 hildako ematearen truke. Trukean, Gurutze Gorria eta nazioarteko ordezkariak izango dira ikuskatzaile eta bitartekari lanetan, agerpen mediatiko handirik gabe. Bitartean, Gazako herriari eta bere erresistentzia armatuari berme formalak emango dizkiote, "gerra 1. fasean amaitu" dela esanez.
Hasierako fase horretan, sionistek konpromisoa hartu dute eraso guztiak bertan behera uzteko eta laguntza humanitarioa (elikagaiak, botikak eta larrialdietarako materiala) daramaten karabanei sartzen uzteko, Tamara al-Rifai UNRWAko bozeramaileak adierazi duenez.
Gazaren etorkizunari buruzko galderak
Trumpek dagoeneko publikoki aurreratu du eskualdera joango dela akordioa ofizialki sina dadin, eta prozesu horrek "bake iraunkorrerako atea" irekitzen duela. Hala ere, zalantzak sortu dira konpromisoen jarraipenaren inguruan, batez ere Israelgo Estatuaren aldetik.
Su-etena laster izango bada ere, zalantza handiak daude Gazako etorkizun politikoaren inguruan; izan ere, sionistek erresistentzia desarmatu nahi dute, baina Hamasek aurreratu du ez dituela armak utziko. "Nazioarteko ikuskaritzapean egindako berreraikuntzak" ere susmoak sortzen ditu, bai bere helburuengatik, bai izan ditzakeen metodo eta protagonistengatik.
Erronka humanitario eta politikoa izugarria da, eta begirada guztiak daude jarrita milaka palestinar goseti, mutilatu eta gaixoengan; beren lurraldean okupazio militarrik gabe eta bonben beldur izan gabe bizi nahi baitute, nahiz eta bonbardaketak ez diren eten akordioaren lehen iragarpenen ondoren ere. Ituna indarrean sartu baino ordu batzuk lehenago, sionisten tankeak tiro egiten ari ziren Gaza hirian geratzen diren etxe apurretara itzultzen ari ziren palestinarren aurka, haietako batzuk erailez. Aireko bonbardaketak ere izan dira.