AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / AFP
2024/06/10 10:31

14 kilometro ditu Gazako Zerrenda eta Egipto bereizten dituen muga-lerroak, eta hura indarrez hartu nahi izan du Israelgo Estatu sionistak, joan den hilabetean bertan hamaika aldiz errepikatu duenez. Agintaritza sionistek maiatzean esan zuten 2025era arte luzatuko dutela erasoaldia Gazan, eta Egiptorengandik bereizten duen muga (Filadelfiako korridorea) "itxi" nahi zutela.

Badirudi helburu hori lortu dutela, azken egunetan jakinarazi baitute osorik hartu dutela jadanik, itsasertzeko azken gune bat okupatuta. Aurreko astean zioten iturri sionistek muga-lerro osoaren gaineko "kontrol operatiboa" zutela, kostalde ondoko zati batean izan ezik.

Filadelfiako korridorea osorik okupatzeko, estatu sionistak aitzakiatzat hartu du "armen kontrabandoari" aurre egitea. Izan ere, ulertzera eman du "Hamasen tunelak" daudela inguru horretan, eta muga-bide hori erabili izan duela "armak estraperloan sartzeko".

Bahituak, erailketa masiboetarako aitzakia

Aipatutako mugatik gertu dago Rafah, Zerrendaren hegoaldean. Israelgo Estatu genozidak maiatzaren hasieran ekin zion bertan lurreko erasoaldiari, eta hainbatetan bonbardatu ditu bertako errefuxiatu-guneak, beste ehunka palestinar erailez eta zaurituz.

Horretaz gain, beste hainbat eraso egin dituzte sionistek azken egunetan. Gaza hiritik hurbil dagoen Shati errefuxiatu-eremuan eraso diote UNRWAren ikastetxeti bati, gutxienez hiru pertsona erailez; eta, bestalde, eraso handi bat egin dute Nuseiraten, Zerrendaren erdialdean, "lau bahitu askatzea" aitzakiatzat erabilita. Gutxienez 274 palestinar hil eta 700 inguru zauritu dituzte operazio horretan, eta, besteak beste, Al-Aqsa ospitalearen kontra jo dute.

Zenbait iturriren arabera, operazioan parte hartu dute Amerikako Estatu Batuek, haiek eraikitako portutatik sartu omen direlako eremura militar sionistak. Itxura denez, laguntza humanitarioko kidez mozorrotuta sartu dira Zerrendako zonalde horretara "unitate berezi" sionistak.

Sionistek behin eta berriz erabiltzen dute aitzakia modura "Hamasek bahitutako pertsonak askatzea", Palestinako lurretan operazio kriminalak egiteko. Baina Nuseiraten egindako azken esku-hartzean, esaterako, badirudi bi bahitu hil dituela ehunka palestinarrez gain. Eta ez da aurreneko aldia: apirilean, adibidez, gutxienez lau "bahitu israeldar" hil zituzten Israelgo Estatuko indarrek Khan Younis inguruan egindako operazio batean, aire eraso batean.

Ia 37.000 eraildako

Aurreko astean, 250 palestinar baino gehiago erail eta 750 zauritu zituzten sionistek Gazako Zerrendan. Oraintsu bete dira zortzi hilabete urriaren 7tik, alegia, Israelgo Estatu terroristak oldarraldi masiboari ekin zionetik. Denbora honetan, ia 37.000 palestinar hil ditu Gazan, eta 83.000 lagun baino gehiago zauritu ditu.

EZ DAGO IRUZKINIK