AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Noticias de Gipuzkoa
2024/11/11 15:05

Lo que no te cuentan de Donosti talde erreakzionarioak asteak daramatza mobilizazio-deialdiak egiten, Kaleko Afari Solidarioak eta horietako erabiltzaileak, bereziki pertsona migranteak, kriminalizatzeko. Hala ere, gorroto-mezu faxista, arrazista eta klasisten kontrako erantzuna ere indarra izaten ari da: hala erakusten dute erreakzionarioen aurkako mobilizazioek, hala nola, urriaren 30ean izan zen manifestazio handiak.

Erreakzionarioek beste elkarretaratze bat antolatu zuten gaurko, Kaleko Afari Solidarioen aurka. Amara Berrin egin zuten deia, Anoetako topoaren estazio ondoan, elkartasun-afariak banatzen diren toki eta ordu berean. Baina Donostiako hainbat kolektibok kontramanifestazio batera deitu zuten, aurreko astean egin bezala; eta, azkenean, euren deialdia bertan behera laga du Lo que no te cuentan de Donosti-k, beste behin ere.

Bere esanetan, taldearekin "zerikusirik ez duten arrazoiengatik eta herritarrek eskatuta" egin du atzera kontzentrazioarekin. Hala ere, hitzordu berri bat jarri du: datorren larunbatean, azaroaren 16an, Easo plazan egin nahi du mobilizazio bat. Arratsaldeko 18:00etan izango da, teorian.

Ikusteke dago deialdia mantenduko duen edo ez, aurreko astelehenean bertan antolatu baitzuen beste elkarretaratze bat, baina atzera egin zuen azken unean. Horren ordez, erreakzionarioen protestari aurre egiteko deituta zegoen kontzentrazioa izan zen Eason bertan, Aniztasuna, elkartasuna eta segurtasuna bai. Arrazakeria, klasismoa, faxismoa ez lelopean.

Gaurko ere, Kaleko Afari Solidarioak jazartzeko deiaren aurka, kontramobilizazio bat zegoen prestatuta Amara Berrin, hiriko hainbat kolektiboren eskutik. Lo que no te cuentan de Donosti-k larunbaterako iragarri duen elkarretaratze berriaren kontra ere mobilizatuko dira, erreakzionarioek hitzartutako leku eta ordu berean: 18:00etan Eason. Aurreko asterako hautatutako lelo bera erabiliko dute: Aniztasuna, elkartasuna eta segurtasuna bai. Arrazakeria, klasismoa, faxismoa ez.

EZ DAGO IRUZKINIK