Azken uneko ezusterik ez baldin badago, gaur sartuko da itxieraren azken fasean Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegui enpresa, gaur hasiko baitu likidazio-prozesua. Volvo Busesekin adostutako enkargu bat bertan behera geratu ostean, iazko azaroan eraman zuten lantegia hartzekodunen konkurtsora, ia 400 langileren lanpostua arriskuan jarriz. Berriki berretsi da ez dagoela inbertitzailerik fabrikarako, eta hura ixteko azken pausoak emango dituzte datozen asteetan.
Printzipioz, apirilaren 30ean bertan indargabetuko dituzte gaur egungo plantilla osatzen duten 350 bat beharginen kontratuak. Lanik gabe utziko dituzte guztiak, eta Soldatak Bermatzeko Funtsera (FOGASA) jo beharko dute kalte-ordainengatik zor zaien dirua kobratzeko.
Langile-batzordeak aurreko astean jakinarazi zuenez, Nafarroako Gobernuak esan du ez duela laguntzarik emango Sunsundegui aurrera ateratzeko, "plan bideragarri" bat ez badago. Inbertitzaileren batek egindako industria-plan bat egon ezean, beraz, ez du esku hartuko gobernuak. Langile-batzordeak berak deituta, aurreko ostiralean izan zen Sunsundeguiren itxieraren aurkako manifestazio bat Altsasun.
Egun horretan, Sunsundeguiko Langileak Borrokan asanbladaren hainbat pankarta ere ikus zitezkeen kaleetan, "Zurikeria sindikalaren aurrean, langile-klasearen antolakuntza" aldarrikatuz besteak beste. Asanblada horrek, Sakanako Laneko Autodefentsa Sarearen (LAS) eskutik, aurreko astean argitaratu zuen ohar bat. "Langileon miseriaren errudun zuzenak" seinalatu zituzten idatzian; bai enpresariak, bai erakunde publikoak, bai sindikatuak, haien "rol kontziliatzaileagatik".