Ekida Arte Ekimen Sozialistak hainbat artista bildu ditu, Gabriel Aresti poeta komunistaren heriotzaren 50. urteurrenaren harira, bere poemekin osatutako disko bat sortzeko: Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean. Gaur aurkeztuko dute lana jendaurrean: Bilboko (Bizkaia) Bira Kultur Gunean izango da aurkezpen-saioa, 19:00etan hasita.
Bertan, diskoa entzuteaz gain, solasaldia egingo dute sorreran parte hartu duten artistekin, "abestiaren sorkuntza-prozesuaz, Aresti berreskuratzeaz eta beste", Ekidaren esanetan. Gainera, kantek oinarritzat dituzten Arestiren poemak errezitatuko dituzte Lurdes Ondarok, Irati Oskozek eta Gerizeti Zubiaurrek.
Bederatzi abesti eta ekoizteko eredu bat
Arestiren poemak musikatuta, bederatzi kanta sortu dituzte Euskal Herriko hainbat musikarik eta musika-taldek: zehazki Elene, Borla, J Martina, Mateo Zikuta, Calié, Berun, Mirotz, Rodeo, Nakar eta Malakiasek. "Elenek Zortzi bertso berri sorta musikatu du eta Rodeok Irrintzi gorri batekin poema, Arestik azken urteetan idatzia lehenengoa eta Harri eta herri-tik hartua bigarrena. Borlak Egunen batean poeman eta Berunek Egia bat esateagatik poeman oinarrituta egin dituzte izen bereko kantak, Harri eta herri-tik hartuak horiek ere. Mirotz talde gasteiztarrak Gaztearen ahoa bihurtu du Arestiren Gizonaren ahoa poema. Nakarrek hainbat poema labur nahastuta ondu du Harrizko herri hau kanta, eta Mateo Zikutak eta Caliék Arestiren poemetatik eta bizitzatik ateratako erreferentziaz betetako rap-kanta egin dute. Azkenik, Malakiasek Forjarien kanta ezagunaren bere bertsioa egin du. Abestia ez da Arestirena; testuz eta doinuz, herrikoia da, baina Arestiren garaiari lotuta ageri zaigu askotan", azaldu du Ekidak.
Jakinarazi duenez, "diskoa modu kolektiboan ondu" dute, "musika lantzeko eta ekoizteko eredu bat lantzeko" asmoz eta "errentagarritasunak gidatutako musika-ereduaren kontrako alternatiba gisa". "Musikari eta taldeek nork bere kanta egin badute ere, grabaketak, ekoizpena eta, oro har, prozesu osoa modu kolektiboan eta independentean egin dute", gaineratu du Arte Ekimen Sozialistak.