AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/24 18:54

"Gastu-doikuntzak" iragarri ditu Europar Batasunak 2023rako. "Zuhurtasunezko zerga-politika" jarrai dezaten agindu die estatu kideei, "gastu publikoaren hazkundea kontrolatzeko". Batasuneko estatu guztiak atzeraldi ekonomiko baten arriskupean dauden arren, horietako zenbaiten egoera "bereziki larria" dela diote Bruselan. Ohartarazi du "zor handiarekin lotutako desorekak" dituela Espainiako Estatuak, "langabezia handiko testuinguruan".

Espainiako Estatuko zor publikoa Barne Produktu Gordinaren (BPG) %118 ingurukoa da, eta zorpetze hori elikatzen duen defizita 81.500 milioi eurokoa izan zen iaz, BPGaren %6,76ren baliokidea. Aurrera begira, EBk "arrisku handiak" ikusten ditu epe ertainean, 2021ekoak baino zor-ratio handiagoekin. Azken urteotako ziurgabetasunek beste estatuetan ere eragina izan dutenez, Europar Batzordeak geldirik mantentzen ditu Egonkortasun Ituna deiturikoaren ohiko arau fiskalak, 2024ra arte, gutxienez.

Ihesean

Europar Batasunak ohiko arau fiskalak "leundu" egin ditu COVID-19aren agerpenaz geroztik. Arauok urteko %3ko defizit publikoaren gehienezko langa ezartzen dute, batetik, eta zorra %60raino minimizatzeko planak indarrean jartzea, bestetik. Arauok indargabetzen dituen Ihes klausula orokorra luzatu dute, ordea, COVID-19aren sasoian "salbuespenezkoa" zirudiena.

Horren atzetik bi arrazoi daude, gutxienez: egungo koiuntura ekonomikoan estatu bat berak ere ez lituzkeela baldintzak beteko eta betetzen saiatzeak zorraren krisia areagotuko luke. Bestalde, Ukrainako gerraren harira NATOren armatze-prozesua bizkortu denez, EBko estatu kide gehienak armagintza industriara zein armadetara diru-partida gehiago bideratzen ari dira. Armatze-prozesuak eskatzen duen defizitak azaltzen du Bruselaren ustezko "eskuzabaltasun fiskal" hori.

Mugak, gastu publikoan

Doikuntza-mekanismo egonkor deiturikoaren behin-behineko etenaldiak, ordea, muga zehatzak ezartzen dizkio gastu publikoari. Osasungintzan, hezkuntzan, gizarte segurantzan edo bestelako zeharkako soldatetan egindako gastua gertutik ikuskatzen du Europar Batasunak. Oso tarte murritza baimentzen du arlo horretarako, inbertsio militarrerako zorpetze maila handiagoak onartzen dituen bitartean.

Madrilen ahulguneak

"Zerga-gomendioen dokumentua" deituriko txostenaren arabera, desorekak izaten jarraitzen duten potentzien taldean dago Espainiako Estatua, beste sei estatu kiderekin batera: Alemania, Frantzia, Herbehereak, Portugal, Errumania eta Suedia. Bruselak "zor handiarekin" lotzen du Madrilen kalteberatasuna; zerga-politikarako tarte estua uzten duen langabezia handiko testuinguruan, gainera.  Espainiako Estatuko zor pribatua, bestalde, COVID-19aren krisiaren aurretik baino handiagoa omen da orain.

Langabezia eta pentsioak

Bruselak adierazi duenez, Espainiako Estatuko langabezia 2021ean "zertxobait" murriztu zen. Baina hala ere, lan-merkatuaren segmentazioa eta gazteen langabezia "maila altuetan" mantentzen dira. Epe luzerako beste arrisku batzuez ere ohartarazi du Bruselak: "Pentsioak inflazioarekin lotzeak handitu egingo du pentsioen gastua", dio txostenak.

Hori dela eta, 2022an, berreskuratze-planaren arloko "konpentsazio-neurriak" hartzea ere espero da; hau da, murrizketak. Brusela eta Madril une honetan negoziatzen ari diren puntu sentikor bat da hori, eta Europako Erkidegoko Gobernuak oraindik "zenbait zalantza" omen ditu.

Talka makroekonomikoa

"2023an ihes-klausula orokorrari eustea proposatzen dugu, eta 2024an desaktibatzea", esan du Valdis Dombrovskis Ekonomia Saileko presidenteorde exekutiboak astelehen honetan egindako agerraldian. EBk Europako seihilekoa-ren udaberriko paketea iragarri berri du. Bertan, "talka makroekonomikotzat" jo du Ukrainako gerra, besteak beste, "EBren segurtasun energetikoaren beharretarako epe luzerako inplikazioak dituelako".

Paolo Gentiloni Europako Ekonomia batzordekidearen hitzetan, "shock larria" nabari da hainbat alorretan: "energia zein elikadura-merkatuetan, industria-hornidurako kateetan, erregaiaren inflazioan eta kontsumitzaileen zein inbertitzaileen konfiantza ahultzean". Halaber, italiarra ere ihes-klausula orokorra luzatzearen alde agertu da, estatu kideek "ahalik eta azkarren" erreakzionatu ahal izan dezaten eskura dituzten zerga-tresna murritzen bidez. "Oso garai iragarrezinak dira", ondorioztatu du.

Egoera "delikatua" dela aitortu dute batzordekideek, eta ondorioz, estatu bakoitzak 2023ko zerga-politika "kontu handiz" diseinatu beharko duela.

Hazkunde-itxaropenen gainbehera

2022ko krisi militarrak bizkortuta, hazkunde-itxaropen beherakorrak eta inflazio-itxaropen gorakorrak irakurri behar izan ditu batzordeak erkidegoko bloke osorako. Iragan astean jakinarazi ziren udaberriko aurreikuspenetan, BPGaren igoera  %2,7ra arte murriztuko zela esan zuen Bruselak, neguko aurreikuspenak baino 1,6 puntu gutxiago. Inflazioa, berriz, %6,1ean kokatu zuen, neguan baino 2,6 puntu gorago.

Agindu fiskalak

EBko iturriek ziurtatzen dutenez, bi elementuok kontuan hartu dira agindu fiskalak zehazterakoan. Gainera, "gastuaren hazkunde" bat izango dela diote; izan ere, energia-krisiari erantzuteko neurriek eragina izan dute estatu kide gehienetan. Enpresa zein kontsumitzaile kalteberak arintzeko ezarri diren mekanismoek euren kostua izan dute: erkidegoko BPGaren ia %0,6, batzordearen datuen arabera. Hiru estatutan, berriz, BPGaren %1 gainditzen dute dagoeneko: Lituanian, Hungarian eta Grezian, alegia.

Batzordeak 2022ko hazkunde-itxaropen apalei eusten die, "ziurgabetasun handiaren eta beheranzko arriskuen erdian". Ez du, gainera, inolako bultzada fiskal orokorrik bermatzen ekonomiarentzat 2023rako. Gauzak horrela, "inbertsio jakin batzuen handitzea" eta "Estatuak finantzatutako lehen mailako gastu arruntaren hazkundea kontrolatzea" uztartuko dituzte.

EZ DAGO IRUZKINIK