Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak 10.471 milioi euroko inbertsio gehigarri bat baieztatu zuen atzo "defentsan eta segurtasunean" gastatzeko, NATOk 2025erako BPGaren %2ra heltzeko ezarritako konpromisoa lehenago lortzeko asmoz. Atalase hori 2029rako aurreikusita zegoen hasiera batean, baina aurrea hartu du Espainiako Gobernuak, eta ez du argitu zein partida zehatzek barne hartuko duten igoera hori, ezta nola finantzatuko den ere. Torrejongo aire-basean egindako agerraldi batean egin dute iragarpena, EFE agentziak jaso duenez.
Igoera hori beste arlo batzuetako inbertsio publikoaren geldialdiaren edo jaitsieraren testuinguruan etorri da. 2024rako zehaztutako Estatuko Aurrekontu Orokorren arabera, etxebizitza-gastua 3.483 milioi euroan mantendu zen, osasun-gastua 5.505 milioira jaitsi zen, eta hezkuntza-gastuak 5.338 milioikoa izaten jarraitu zuen. Aitzitik, 12.317 milioi euroko gastu militarra aurreikusten zen, 2016an baino %114 gehiago. "Herritarren segurtasunerako" eta espetxeetarako gastuak ere gora egin du etengabe: 10.673 milioi gastatu zituzten horretan 2024an, 2016an 7.904 milioi izan zirenean.
Zenbakiek erakusten dute PSOE buru duen gobernuak lehentasun modura daukala aparatu militarra eta sekuritarioa indartzea, NATOrekin hartutako konpromisoen ildotik, 2022an Madrilen egindako goi-bileraren ondoren. Margarita Roblesek zuzendutako Defentsa Ministerioak behin baino gehiagotan defendatu du igoera horren beharra, "nazioarteko ezegonkortasun-testuingurua" eta "defentsa-industria nazionala indartzea" aitzakiatzat hartuta.