Joan den igandean atera zen argitara hilketa matxista bat izan zela Marbellan (Malaga): 53 urteko emakume bat erail zuen 47 urteko bere bikotekideak, Velez kaleko deskanpatu batean. Zenbait hedabideren arabera, gizonezkoak ez zuen armarik erabili erailketan, eta Malagako polizia-etxe batean aurkeztu zuen bere burua. Hildako emakumea Gasteizkoa (Araba) zen.
Urtea hasi zenetik, gutxienez lau erailketa matxistaren berri eman dute Euskal Herrian: urtarrilean 84 urteko andre bat hil zuen bere semeak Barakaldon (Bizkaia); otsailean Irunen (Gipuzkoa) erail zuen beste emakume bat bere semeak; apirilean Gasteizen bizi zen emakume bat erail zuen bere bikotekideak Haron (Errioxa); eta maiatzean, 13 urteko neska bat hil zuen bere aitak Bilbon (Bizkaia), amari eraso egin ostean.