AKTUALITATEA / Etxebizitza
Gasteizko Udalak beste familia bat etxegabetu du gaur
Adin txikiko hainbat pertsona dira tartean, Auzoan Bizik jakinarazi duenez. Protesta bat egingo dute iluntzean.
2025eko abenduaren 11
Gasteizko Udalak beste familia bat etxegabetu du gaur

Familiak bizitoki-alternatibarik gabe etxegabetzen jarraitzen du Gasteizko (Araba) Udalak. Gaur goizean, adin txikiko hainbat pertsona bere ardurapean dituen familia bat bota du bere etxetik, Ertzaintzaren eta Gasteizko Udaltzaingoaren bidez. Alde Zaharrean izan da desalojoa, Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak azaldu duen modura.

Iluntzean, 19:30ean, etxe-kaleratzea salatzeko protesta bat egingo dute Faroloitik hasita, Auzoan Bizik deituta. Mobilizazio-deialdiarekin bat egin du Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Gasteizko Udalak gauzatutako eta martxan jarritako hainbat etxegabetzeren berri eman du azken urtean Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, esaterako, joan den ekainean egindakoa edo abenduaren 4an burutzekoa zena; azkenean, atzeratu egin dute desalojoa, horren aurka antolatu izanaren ondorioz.