AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/17 10:02

Joan den larunbatean, La isla de las tentaciones programa izan zen protagonista Gasteizko (Araba) Glow diskotekan. Reality horretan parte hartu duten hainbat pertsona gonbidatu zituzten lokalera, hainbat dantzarik eta animaziok lagunduta. Gasteizko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak ekimena eta Glow diskoteka salatu ditu, aldarri nagusi bati helduta: "Zuen negozioak objektu sexual bihurtzen gaitu".

"Sare sozialetako influencer-ek zein telebistako reality ugarik emakumeon sexualizazioa bultzatu eta ideia matxistak zabaltzen dituzte", azaldu dute Itaiako kideek. Oroitarazi dute "industria kulturalak, zeinak emakumeon gaineko presioa handitzen duten estandarrak normalizatzen dituen", milioika euroko irabaziak lortzen dituela urtean, eta bestelako industria batzuk ere baliatzen direla "horrek guztiak emakumeongan eragiten duen segurtasun faltaz, beldurraz edo ezinegonaz" negozioa egiteko eta aberasteko; "besteak beste, gero eta normalizatuagoa dagoen industria estetikoa".

Hala, "eskuraezinak diren kanon horiek betetzeko beharrak" sortzen dituen "ondorio fisiko zein psikologiko lazgarriez" ohartarazi du Gasteizko Itaiak, "gero eta gazte gehiagok haien gorputzekiko dismorfia izatea edo presio estetikoak autoestimaren gain duen eragina kasu". "Emakumeok sexu-objektu garelako irudia gero eta gehiago indartzen ari da eta, finean, emakumeok etengabe sexualizatzen gaituen oinarri kulturala da gizartean ezartzen ari dena", gaineratu duenez. Eta azpimarratu du "bereziki kezkagarria" dela La isla de la tentaciones eta antzeko ekoizpenen bidez "sustatzen ari diren harreman-ereduek" nola normaltzen dituzten "jarrera eta ideia toxikoak".

Itaiak, beraz, beharrezkotzat jo du "jarrera eta ideia matxista zein erreakzionarioei ateak ixtea". Aldarrikatu du emakumeak "ez garela objektu sexualak eta ez garela bigarren mailako pertsonak", eta, horregatik, iritzi dio premiazkoa dela "emakumeok sexualizatzen gaituen kultura eta horretatik irabaziak lortzen dituen industria kulturala seinalatzea". "Horren aurka kalera ateratzea eta antolatzea ezinbestekoa da", dio.

EZ DAGO IRUZKINIK