AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/16 10:36

Aurreko bi urteetan Leioako (Bizkaia) campusean izan ostean, aurten, Gasteizko (Araba) campusean sortuko dute berriz Herri Unibertsitatea. Hilabete honen amaierarako jarri dute hitzordua; otsailaren 28rako eta 29rako, hain zuzen ere. Gaur eman du egitarauaren berri ikasle mugimenduak, Gasteizko campusean bertan egindako agerraldi baten bidez.

Hilaren 28an, asteazkenean, goizean goiz emango diote hasiera egitarauari: 09:00etan izango da harrera, eta 10:00etan hasiko dira hitzaldiak. Ordu horretan, hiru hitzaldi eskainiko dituzte aldi berean: unibertsitatearen bilakaerari buruzko saio bat (Unibertsitatea datozen urteetan. Analisi bat) alde batetik, artearen historiaren inguruko bat (Artearen historiaren hari gorria) beste alde batetik, eta auzi ekologikoa lantzeko bat (Klima aldaketa eta lurraren txikizioa. Auzi ekologikoa aztergai), azkenik. 12:00etan ekingo diote eguneko bigarren hitzaldi sortari, eta bi saio izango dira aldi berean: Krisia eta proletarizazioa bata, eta Alderdiaren kontzeptu boltxebikea eta bere eguneraketarako gakoak bestea.

Bazkaltzeko tarte baten ostean, 17:00etan hasiko dira berriz hitzaldiekin. Eguna biribiltzeko, hiru hitzaldi emango dituzte ordu horretan: emakume frontearen eraikuntzari buruzkoa (Zergatik berreraiki emakume frontea?), Palestinako genozidioaren eta nazioarteko egoera geopolitikoaren ingurukoa (Palestinako sarraskitik mundu mailako egoera geopolitikora) eta Ezker Abertzaleari buruzkoa (Ezker Abertzalea eta LAIA aztergai).

Hurrengo egunean, ostegunean, 10:00etan izango da harrera. 11:00etan hasiko da eguneko hitzaldi bakarra: Gobernu ziklo berria, balorazio orokorra. Horren ondoren, eta aurtengo Herri Unibertsitateari bukaera emateko, mobilizazio bat egingo dute ikasleek, unibertsitatearen doakotasuna eta eskubide politikoak aldarrikatzeko. 13:00etan hasiko da manifestazioa.

EZ DAGO IRUZKINIK