Egun bertan, Gasteizko (Araba) Artium arte museoko langileek mobilizazioa egin dute murrizketak salatzeko. Izan ere, azaldu dutenez, esleipen berrien aurrekontua %20 txikitu da 2018. urtetik, eta horrek lanpostu zenbaiten desagerpena ekar lezake, lan-baldintzen okertzearekin batera. Museoko bisitarien arreta zerbitzua litzateke kaltetuena. Bertan, 16 langile ari dira soldatapean lanean.
Artium museoko aurrekontu murrizketak museoak kontratatu dituen zerbitzu orduetan du eragina. Aurten, 10.218 orduko zerbitzua hitzartu du museoak enpresarekin, hots, 2018. urtean adostutako esleipen prozesuan baino 2.678 gutxiago. Horri lan-orduaren prezio jaitsiera ere gehitu behar zaio, pixkanaka ematen ari dena.
Esleipen prozesu berri horren deuseztapena aldarrikatzen dute langileek; museoko zuzendariak, baina, muzin egin dio eskakizunari, gezurtatuz aurrekontua jaitsi egin dela eta horrek lanpostuen desagerpena dakarrela.
Museoak adierazi du alde desberdinekin biltzeko asmoa duela laster. Momentuz, langileek mobilizatzen segituko dutela iragarri dute, egoera argitu artean. Datorren egunetan adostu beharko dute grebari ekingo dioten edo ez.