Beste prostituzio-sare bat atzeman dute berriki Gasteizen (Araba). 45 urteko emakume bat atxilotu zuten aurreko ostegunean eta ikerketapean dago beste bat, hainbat emakume migratu prostituzioan aritzera behartzeagatik eta bizi-baldintza negargarrietan izateagatik.
Hainbat komunikabidek azaldu dutenez, proxenetek Gasteizko etxebizitza batean izan dituzte gatibu hainbat emakume: ez zuten etxera sartzeko edo bertatik irteteko giltzarik ere. Gainera, bideokameren bidez kontrolatuta izan dituzte, eta miseriazko baldintzetan bizitzera behartu dituzte. Etxebizitza horretan bertan derrigortzen zituzten prostituzioan jardutera, eta bortxatuak izatearen truke ematen zieten dirua kentzen zieten gero proxenetek.
Jakinarazi dute pertsona migratuak direla prostituzio sarean harrapatutako emakumeak, eta ez dituztela eguneratuta legezko paper guztiak. Egoera horretaz probesten ziren euren esplotatzaileak, prostituitzera behartzeko eta baldintza penagarriak inposatzeko.