Joan den igande goizean, Gasteizko (Araba) Aldabe auzoko after batean, bi emakumeri eraso zien gizonezko batek: ukituak egin zizkien euren borondatearen aurka. Erasotzaileari erantzun eta aurre egin zioten bi emakumeek, eta beste gizon bat tartean sartzen saiatu zenean, liskarra izan zen. Zauriturik amaitu zuten bai erasotzaileak bai tartean sartu zen pertsonak.
Udaltzaingoa bertaratu zenean, atxilo eraman zuen sexu-erasoa egin zuen gizonezkoa, baina agintaritzari eraso egitea leporatuta. Polizia-eginbideak bukatu bezain pronto, gainera, ospitalera eraman zuten, zauriturik zegoelako aipatutako istiluaren ondorioz.
Ostegunean, bestalde, bigarren gizonezko bat atxilotu zuten Gasteizen bertan, emakume gazte bati sexu-erasoa egiten saiatzeagatik. Neskak gaueko 21:00ak aldera eskatu behar izan zuen laguntza, erasotzailearengandik ihesi, instalazio batzuetan babesa hartzea lortu ostean.