AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/24 20:55

Greba eguna izan da gaurkoa Hego Euskal Herrian. Ikasle Abertzaleakek hezkuntza erreformen aurka mobilizatzera deitu zituen ikasleak, eta milaka lagunek egin dute bat greba deialdiarekin. Mobilizazio jendetsuak egin dituzte eguerdian Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa), eta ozen entzun dira LOMLOE, LOSU eta Lanbide Heziketarako Planaren aurkako aldarriak.

Ikasleek piketeak egin dituzte goizean hainbat ikastetxetan eta campusetan, eta polizia-indarrek erabilitako indarkeriari dagokionez, Gasteizko campusekoa izan da nabarmenena. Ertzaintza beste behin sartu da campusera, eta 34 ikasle atxilotu ditu.

Modu mailakatuan askatu dituzte atxilotuak, eta goizaldeko 01:00ak alderako geratu dira aske guztiak, karguekin.

Protestak iluntzean

Atxiloketak direla-eta, iluntzerako elkarretaratzeak antolatu ditu IAk hamalau herritan; hain justu, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Durangon (Bizkaia), Ondarroan (Bizkaia), Lekeition (Bizkaia), Hernanin (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Ordizian (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Bergaran (Gipuzkoa), Altsasun (Nafarroa) eta Baionan (Lapurdi). Atxilotuekin elkartasuna. EHU erantzule lelopean mobilizatu dira.

Unibertsitatearen izaera poliziala

"Gaurkoa greba eguna izanik, gogor salatu nahi dugu Unibertsitatearen izaera polizala", adierazi dute IAko kideek protestetan. "Edozein gatazka testuingurutan aterabide poliziala baliatzea" leporatu diote: "Gaur, inoiz baino argiago ikusi dugu Unibertsitatean ez dagoela askatasun politikorik, eta oinarrizko askatasuna ere ukatua zaigula".

Gasteizko atxiloketei dagokienez, EHU seinalatu dute "errudun eta erantzule zuzen" modura, baita Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkoreka ere. "Argi geratu da politika egiteko eskubidea dirudunek soilik dutela, hala frogatzen baitu indar polizialen erabilerak. Instituzioetatik kanpo antolatzen direnen aurka soilik joaten da", salatu dute: "Antolakuntza politikoa da zigortzen ari direna".

"Garbi gelditu da hezkuntzaren modernizazioaz, aurrerapenez eta guztion onerako hezkuntzaz ahoa betetzen zaien horien asmoa zein den: antolakunza oro errotik moztea, zigortzea, bortxaz ezabatzea, eta ikasle langilea zapaltzea eta itotzea", zehaztu dute IAko kideek. Hala, askatasun politikoen defentsan lanean jarraituko dutela diote.

Atxilotu guztien kargugabetzea exijitu dute, bai eta polizia-indarrek unibertsitateetara sarbiderik ez izatea ere.

Azpimarra egin diete, gainera, gaurko mobilizazio arrakastatsuei: "Gaur milaka persona batu gara Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan hezkuntza erreformei ezetz esateko. Lau hiriburutako kaleak hartu ditugu, eta hori ez litzateke posible izango aurretik egindako lan nekaezin eta konprometiturik gabe. Hezkuntza erreformen kontrako deia kaleetan hedatu da, eta horrekin batera, hezkuntza sistema sozialistaren aldarria ozen defendatu dugu".

EZ DAGO IRUZKINIK