AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/28 12:22

Gertu dago negua eta gasaren prezioak gora egiten jarraitzen du: azaroan bakarrik, %25 garestitu da gas naturala, eta urtea hasi zenetik %55 igo dira prezioak, Holandako TTF kontratua erreferentzia modura hartuz gero. Hala, megawatt-orduaren kostua 48,2 eurora iritsi da jadanik.

Ekonomialari batzuen esanetan, gas naturalaren erreserba nahikoa badago oraindik Europan, baina ziurgabetasuna nagusitzen ari omen da merkatuan. Europar Batasunak gas naturala metatzeko daukan gaitasun maila bere ahalmen osoaren %90ean zegoen abuztuan, eta, gaur egun, %95ean dago ia-ia: 100.000 milioi metro kubikotik gora. Hala ere, tenperaturaren beherakadak eskaria handitu du, eta aurreikuispenak gainditu ditu.

Bloomberg atariko datuen arabera, Europan, gasaren erreferentziazko balioaren preziorik baxuena martxoan izan da aurten, megawatt-ordua 22,85 eurokoa zenean. Prezioak, ordea, igo besterik ez dira egin urtean zehar, gorabeherak izan diren arren: apirilean 33,45 euroko balio zuen, 36,3 eurokoa ekainean, abuztuan 40,2 eurora iritsi zen, eta azaroan 48,6 eurora. Aurreikusi dute, gainera, prezioak ez direla jaitsiko datozen hilabeteetan.

Gora egin du eskariak

Azken asteetako hotz-boladekin batera, gasaren eskariak gora egin du, eta hilabetearen lehenengo bi asteetan gas-irteerak handitu dira: metatutako gasaren %4 kontsumitu da, 4,29 mila milioi metro kubiko, hain zuzen ere. Horrela, neguaren amaieran gas-biltegien edukiera nabarmen txikitzea espero da.

Udaberriaren hasieran, 2024ko apirilean, %60ko edukieran zeuden Europako gas biltegiak. Negu honen amaieran, baina, edukiera %50etik beherakoa izatea aurreikusten da eta, hortaz, datorren urtean askoz ere gas-bolumen gehiago erosi beharko du Europar Batasunak, %90eko edukiera maila minimiroa iritsi ahal izateko.

Soyuz gasbidea itxiko dute

2022an Ukrainan gerra lehertu arte, Europar Batasunean kontsumitzen zen gas naturalaren %40k zeukan jatorria Errusian. Nabarmen txikitu da orain ehuneko hori, eta, gaur egun, gasaren %8 da Errusiakoa, Europar Batasuneko datu ofizialen arabera.

2025eko urtarrilaren 1ean, hala ere, Ukrainatik Errusiako gasa igarotzea ahalbidetzen duen kontratua amaituko da. Beraz, Soyuz gasbidea deiturikoa ez da martxan egongo hurrengo urtean, teorian behintzat. Eta, horrekin, Errusiako gas-esportazioen erdia galtzeko arriskuan egongo litzateke, eskari handieneko hilabeteetan hain justu. Gasaren prezioan eragina izango du horrek, eta igoera nabarmenak ekar ditzake.

Gas likidotuaren hornidura atzeratu egingo da

Errusiako gasaren inportazioa txikitzearekin eta energia-eskariaren areagotzearekin batera, Europan GNL gasaren inportazioak are gehiago handitu beharko direla uste da. 2023an, Norvegia eta AEBak izan ziren gas likidotu horren inportatzaile nagusiak. AEBek Europan kontsumitutako GNL gasaren ia %50 inportatu zuten, eta, hala, iaz hirukoiztu egin ziren inportazioak, 2021. urtearekin alderatuta. 

Menpekotasun handia du Europak, beraz, gas likidotuen erreserbekiko, eta prezioen igoera bultza dezake horrek. Izan ere, GNL hornidurak atzerapen larriak izatea espero da. Total Energies enpresak, adibidez, espero zuen 2025. urtearen hasierarako iristea gasa Europara, baina atzerapenak izango direla iragarri du, eta ez edonolakoak: 2027ra atzera daiteke. EAI edo S&P Global energia-enpresek ere ohartarazi dute atzerapenak izan ditzaketela.

EZ DAGO IRUZKINIK