Negoziazio saiakerak
Duela urtebete hasi ziren hitzarmen kolektiboa berritzeko elkarrizketak. Grebalariek salatu dutenez, CCOOko zuzendaritzak "negoziaziorako eta erabakitzeko eskumenik ez zuten bi langile" bidali zituen haiekin hitz egitera. Ondorioz, CCOOk azken lan-erreforman babestutako "bitartekaritza" eskatu zuten langileek; sindikatuak, paradoxikoki, uko egin zion.
Harremana tenkatzen ari zela ikusita, Lan-Harremanen Galiziako Kontseiluak gatazkan esku hartu zuen, sindikatua bere langileekin negoziatzera bultzatzeko. Orduan ere, CCOOko zuzendaritzak ez zuen jaramonik egin. Behin bide guztiak agortuta, greba mugagabera jo dute erakundeko langileek, sindikatuaren historian lehendabizikoz. CCOOko langileek ziurtatu dutenez, "sindikatuaren poltsa prest dago eskari horiei erantzuteko". Sindikatua, ordea, "beste gauza batzuei begira" dagoela salatu dute: "zorra ordaintzeari" edo "200.000 euroko obrak kolpetik ordaintzeari", adibidez.
Barne-gatazka
Greba honek CCOOko burokrazia zeharkatu du, bere egiturazko miseriak erakutsiz. Hasteko, grebalariak ez dira langile soilak, aparatuko tokian tokiko kideak baizik: 20 urteko antzinatasuna dute batez beste, eta afiliatu zein ordezkari sindikalak dira. Bestetik, kasu honek erakusten duenez, CCOO berak aldarrikatzen dituen lan-baldintzak urratzen ditu barne-mailan. Grebalariek ohartarazi dutenez, "gatazka enpresa arrunt batean piztu balitz, kuotak ordaintzen dituzten sindikatuko buruzagien babesa eta aholkularitza" jasoko lukete. Ez da kasua, ordea: "kritikatu eta ezbaian jartzen gaituzte".
CCOOren estatu mailako zuzendaritzari ere laguntza eskatu diote; Unai Sordo idazkari nagusiari eta bere batzorde exekutiboko kideei, zehazki. Ez dute erantzunik jaso, ordea. Gainera, sindikatuaren zuzendaritzako kideen soldaten inguruko informaziora "sarbiderik ez dutela" salatu dute, bai eta euren dietak zein autoak "erabateko sekretua" direla ere.