AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/02 09:05

Bost urteko prozesu luze baten ondotik, aurreko larunbatean atzeman eta kartzelaratu zituzten Aitor Zelaia eta Galder Barbado. 2019ko otsailean atxilotu zituzten, "material lehergarriak" zituen bidoi bat "helburu terroristekin" gordetzea egotzita. Espainiako Auzitegi Nazionalak egin zien epaiketa, eta 2021ean atera zen argitara bi gazteen aurkako epaia: lau urteko kartzela-zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa, euren kontrako frogen falta nabarmena izan zen arren.

Ebazpenari helegite bat jarri zion defentsak, baina joan den maiatzean jakinarazi zuenez, epaia babestu du Auzitegi Gorenak. Hala, irailaren 15ean jaso zuten espetxeratze-agindua Zelaiak eta Barbadok, eta ordutik izan dira euren askatasuna exijitzeko protestak.

Aurreko larunbaterako egin zuten beste mobilizazio deialdi bat Gasteizen (Araba) eta, hain justu egun horretan, Gobernu Militarreko egoitzako balkoian agertu ziren biak, ezustean. Ordu eta erdiren ondoren, Ertzaintza eraikinera sartu zen eta atxilo eraman zituen, kanpoaldean zegoen jendearen babes oihuen artean.

Sona handia izan dute Ertzaintzako polizia-agenteek zeramatzaten ikur faxistek: Blue Lives Matter eskumuturrekoa, Vis et Honor tatuajea... Eta kalez jantzitako polizietako batek, gainera, Old School. Old Rock. Young women zioen kamiseta bat zeraman.

Atxiloketa eta gero izan zen mobilizazioaren amaieran, bi gazteen adierazpen batzuk jasotzen zituen bideo bat eman zuten jendaurrean. "Militante politikoak" direla nabarmendu zuten Barbadok eta Zelaiak, eta "politikoak" direla "orain arte hartutako erabaki pertsonal zein kolektiboak". "Herriarekiko konpromisoak eta borrokak ekarri gaituzte hona", gaineratu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK