AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / BBC
2022/10/04 06:29

Polizia-zaintzarako pentsatutako eta sortutako teknologia gehiago erosi ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Ahoztar Zelaietak El Salto atarian azaldu duenez. Hain zuzen, Israelgo Cellebrite enpresak ekoitzitako teknologiak eskuratu ditu Jaurlaritzak, "unitateek eta sailek eskatzen dituzten beharrei erantzuteko" eta "software-produktuen azken bertsioak izateko". Besteak beste, Ertzaintzak erabili ahalko ditu teknologia horiek.

UFED deituriko teknologia da Cellebritek gehien saltzen duena, gailu elektronikoetatik informazioa lortzeko balia daitekeena. Sakelako telefonoetatik ezabatutako datuak berreskuratzeko gai da teknologia hori, bai eta gailu digital ugaritan sartzeko gai ere, wifi sareetatik, lokalizazio-datuetatik nahiz GPS duten gailuen hodeitik datorren informazioa biltzeko.

Jaurlaritzak egindako azken erosketako lizitazioak azaltzen duenez, zazpi sorta eskuratu ditu. UFED 4 PC sistemaren erosketa barne hartzen du ataletako batek, bai eta UFED Touch 2 sistemaren berritzea ere. Polizia-zaintzarako diseinatutako softwareak dira biak ala biak, eta ustez, "helburu forentseei" lotutako ikerketetarako erabiltzen dira nagusiki; hain zuzen, adimen digitalaren bidez informazioa lortzeko.

MacQuisition softwarea ere erosi du Jaurlaritzak. Zelaietak El Salto-n jakinarazi duenez, Massachusettsen, AEBetan, auzitegi batek konstituzioaren aurkakotzat jo zuen teknologia hori 2019an. Besteak beste, mugetako kontrola egiteko erabili dute teknologia hori Espainiako Poliziaren Atzerritarren Komisaria Nagusiak eta Defentsako Estatu Nagusiak, eta Aduanen Mugako Babesaren Agentziak eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuak ere baliatu dute, AEBetako aireportuetan bidaiarien ordenagailu eramangarrietatik informazioa lortzeko.

Garapena, aurretik

Zelaietaren arabera, Jaurlaritzak 2015. urtetik dauka harremana Israelgo Cellebrite enpresarekin. Urte horretan, Cellebriteren softwarea erabiltzeko formakuntza-ikastaro bat eskaini zuten Arkauten, Poliziaren Euskal Akademian. Lau urte beranduago, 2019an, "eguneratzerako eta hobekuntzarako" beste ikastaro bat izan zen.

Azken urteetan, Espainiako Estatuko beste hainbat organorekin ere izan du harremana Cellebritek; hala nola, Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioarekin, Zerga Agentziarekin eta Merkatuaren eta Lehiaren Espainiako Batzordearekin.

El Salto-k maiatzean argitaratu zuenez, Verint Systems eta Hacking Team taldeekin ere izan da kontaktuan Jaurlaritza, eta Jaurlaritzaren "kontratu ezkutu" batek borroka bat piztu zuen bi taldeen artean. Pegasus auziarekin lotuta daude biak, Zelaietak zehaztu duen modura.

EZ DAGO IRUZKINIK