Covid-19 birusaren hedapenaren aurrean ezarritako neurrien artean, Frantziako Gobernuak hainbat "egokitzapen lan lege" jarriko ditu martxan, besteak beste, beharginen oporrak mugatzeko eta atseden egunak gutxitzeko, jardueren etenaldiaren amaierara arte behintzat.
Gaur goizean, martxoak 19, Frantziako Parlamentuan aurkeztu dute larrialdi egoeraren barruan sortutako legedia, eta langileen hainbat eskubide historikoren galera ekarriko lukete arau horiek. Izan ere, gobernuari boterea eman diote opor ordainduetan, asteroko atseden egunetan eta asteroko 35 lan-orduetan esku hartzeko, "beheraldi ekonomiko posible bat ekiditeko" aitzakiapean.
Lan eremu eta enpresa gehienak gelditu badira ere, neurri berriekin, emana da baimena langile borrokaz lortutako 2,5 opor egun ordainduak kentzeko, baita "nazioaren segurtasunerako" beharrezkoak diren sektore eta enpresetan asteko 35 lan-orduen legea deusezteko ere.
Momentuz, debekatuta daude kaleratzeak, nahiz eta gobernuak ez duen zehaztu arautegi berri horren ezarpen muga zein den.