AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El País/Asturias Laica-ren bidez
2025/11/15 08:43

Francoren erregimenak ezarri nahi izan zuen kontrol ideologikoa erabatekoa izan zen, tresna legalak zein biolentzia erabiliz. Hezkuntza nazional-katolikoa ardatz izan zen horretan: 1938tik, ikasleak eta irakasleak mezara behartu zituzten, eta 1939ko agindu batek nazional-katolizismoaren printzipioak finkatu zituen Espainiako Estatuko Lehen Hezkuntzan. Ideologia hori sendotu zuten 1945eko Legeak eta Magisteritzan 1950ean Etxea (Hogar) irakasgaia sartu izanak, eta besteak beste, emakumeak etxeko lanetarako prestatzea bilatu zuten hala.

Politika diskriminatzaile horren frogarik argiena genero-desberdintasunari buruzko datuetan aurki daiteke, bereziki analfabetismoan. 1940an, emakumeen analfabetismo tasak (%23,2) gizonezkoena (%13,8) bikoizten zuen ia estatu mailan; eta 1950ean joera bera mantendu zen (emakumeen artean %18,3; gizonen artean %9,9). Desberdintasun hori hezkuntza-sistemak berak elikatu zuen 1940ko hamarkadan, nesken eskolatze-pisua guztizkoaren %35 ingurukoa baitzen, eta gehienentzat hezkuntza-bidea Lehen Hezkuntzarekin amaitzen zen, goi-mailako ikasketak zuzenean ukatuz.

Bazterketa sozial hori, baina, "errepresio sexuatu" deiturikoaren alderdi bat baino ez zen. Historiografia berriak (Mirta Nuñez edo Angeles Egidoren eskutik kasu) erakutsi du zigorra ez zela politikoa soilik, baizik eta nazional-katolizismoak inposatutako emakume-eredua (ama eta emazte otzana) urratzean ere ezartzen zela. Erregimenak "genero-kontrairaultza" delakoa berehala aplikatu zuen: emakumeei boto-eskubidea kendu zien (1975era arte berreskuratu ez zutena) eta 1889ko Kode Zibila berrezarri zuen, emakumea senarraren baimenaren menpe utziz edozein ekintza juridikotarako.

Kontrol horrek bere alderdirik biolentoena erakutsi zuen urteetan zehar. "Lan-depurazioa" deiturikoa erabatekoa izan zen hezkuntzan: Madrilgo probintzian, adibidez, 1939an Lehen Hezkuntzako 1.618 andereino zeuden erroldatuta, eta erregimenak milaka espediente ireki zituen askoren aurka, ustezko balio errepublikarrak transmititzea leporatuta, haiek zigortzeko. Espetxe-sistema, gainera, zapaltzeko eta "berreziketarako" tresna izan zen. Saturrarango espetxea (Mutriku) horren adibide garbia da: 1940rako 3.000 emakume eta haur inguru pilatu zituzten bertan. Kartzela martxan egon zen sei urteetan, 177 pertsona hil zituzten higiene faltagatik eta nahita ezarritako utzikeriagatik.

Hala ere, errepresio sistematiko horren aurka, emakume ugarik erregimenari aurre egin ziotela eta erresistentzia aktiboa egin zutela ere dokumentatu dute. Diktadura frankistak emakumeen parte-hartze politikoa ezkutatu nahi izan bazuen ere, estatu mailan gutxienez 3.395 emakumek jardun zuten miliziano gisa Errepublikaren aldeko borroka armatuan. Gerra Zibila deiturikoaren ostean ere, erresistentziak jarraitu zuen, eta emakume askok parte hartu zuten talde armatuetan edo "maki" gisa, erregimenaren kontra eta eskubide zibil eta politikoen alde borrokatuz.

EZ DAGO IRUZKINIK