AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @jpmasespanol (X)
2025/08/26 13:28

Kathleen Williams epaile federalak ontzat eman du hainbat talde ekologistak eta Miccosukee komunitate indigenak egindako eskaera, eta onartu egin du Alligator Alcatraz izenez ezaguna den makrokartzelaren kontra jarritako demanda. Udaren hasieran ipini zuten martxan pertsona migratzaileentzako atxilotze-zentroa, baina Williamsek ebatzi du legez kontrakoa dela hura, UNESCOren Biosfera Erreserbatzat eta Munduko Ondaretzat hartutako eremu batean eraiki baitzuten.

60 eguneko epean espetxea geldi dezatela agindu zuen epaileak aurreko ostegunean. Hortaz, debekatu egin du instalazioak handitzen jarraitzea eta atxilotze-zentrora jende gehiago bidaltzea, eta bi hilabete barru hainbat instalazio desegin daitezela eskatu du; hala nola argiteria, sorgailuak eta bestelako sistemak. Bertan preso dauden pertsonak, ordea, ez dituzte askatuko, beste zentro batzuetara lekualdatu baizik.

Evergladeen bihotzean eraiki zuten Alligator Alcatraz joan den ekainean, zortzi eguneko epean. Ingurumenaren aldeko hainbat erakundek salatu zuten, baina, ingurumenean sekulako kaltea eragingo zuela makropresondegiak, eta agintaritzek legez kontra jardun zutela azpiegitura eraikitzean, ez zituztelako horren eraginak aztertu. Miccosukee komunitateak gaineratu zuen kartzelatik kilometro gutxira bizi direla hura osatzen duten komunitate indigenak, eta euren arbasoen eremu sakratutzat daukate lurraldea. Azkenean, kexa horiekin bat egin du epaile federal batek.

Amerikako Estatu Batuetako Gobernuaren helburua izan da atxilotze-zentro erraldoia berehala martxan jartzea, gutxienez 5.000 lagun bertan espetxeratzeko. Kaimanez, sugez eta bestelako animaliz inguraturik dago kartzela, eta migranteen artean beldurra hedatzeko neurri gisa erabili du instalazioa Donald Trump buru duen gobernuak. Uztailean hasi ziren jendea bertan atxilo hartzen, eta Floridako gobernatzaile Ron DeSantis errepublikanoak hilabete horren bukaeran esan zuen ordurako 100 bat lagun eduki zituztela bertan preso, deportatuak izan aurretik.

Williamsen ebazpena bertan behera utz dezatela eskatu du formalki AEBetako gobernuak, baina oraingoz eskaera atzera bota du berak, atzo gauean bertan jakinarazi zuenez. Segurtasun Nazionaleko Departamentua (DHS) ere hasia da Williamsen agindua apelatzen, baina momentuz, erabakiari eusten ari da epaile federala.

EZ DAGO IRUZKINIK