AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Reuters
2024/09/24 11:47

Uztailaren 7an izan zen legegintza-hauteskundeen bigarren buelta Frantziako Estatuan. Olinpiar Jokoen aitzakiapean behin eta berriz atzeratu du ministro berrien izendapena Emmanuel Macron gobernuburuak, baina hilabete honen hasieran eman zuen ebazpenaren zantzu bat: faxisten onarpenaren truke, ultraeskuinerantz mugituko du gobernu berria.

Nouveau Front Populaire (NFP) koalizio ezkertiarrak lortu zituen boto gehien azken bozetan, baina Frantziako Gobernuak erreparorik gabe erakutsi du antzerki bat besterik ez direla hauteskundeak. Irailaren hasieran jakinarazi zuen faxistei men egin diela eta uko egin diola NFPk lehen ministro gisa proposatutako hautagaiari: Alderdi Sozialistako (PS) Lucie Castets.

Horren ordez, Marine Le Penek ordezkatzen duen espektro faxistak babestutako lehen ministro bat izendatu du: Michel Banier kontserbadorea. Frantziako alderdi kontserbadore nagusiko (Les Républicains, LR) kide da Banier; hauteskundeetan irabaztetik urrun geratu zen talde bateko kide, beraz (68 hautetsi lortu zituen, eta 193, adibidez, NFPk).

Lehen ministro kontserbadore bat jarrita, bere agintaldian zehar ezarritako hainbat neurri eta bere agenda politikoa blindatzea lortuko du Macronek; adibidez, pentsioen erreforma polemikoa.

Faxistak sail estrategikoetan

Banierren izendapenarekin erakutsitako joera berdinari eutsi dio orain Macronek. Lehen ministroaren eskutik aurkeztu ditu gainerako ministro berriak, eskuinerako bira garbi bat erakutsiz eta espektro zentrista zertxobait alboratuz. Eskuinari eman dizkio hainbat sail estrategiko; hala nola, Barne, Hezkuntza, Kultura, Nekazaritza eta Osasun ministerioak.

Are gehiago: Bruno Retailleau faxista izendatu du Barne ministro. Banier bezala, LRren parte da Retailleau, eta ezaguna da, besteak beste, immigrazioari buruz edo sexu bereko pertsonen arteko ezkontzari buruz erakutsi duen jarrera faxistagatik.

Esan bezala hauteskundeetan NFPk irabazi zuen arren, ezkertiartzat jotako ministro bakarra izango da gobernu berrian: bi hamarkadaz PSko diputatu izandako Didier Migaud. Justizia Ministerioa gidatuko du.

Faxistei bide egiten

Nahiz eta azken hauteskundeetan NFP nagusitu, faxistek gora egin zuten botoetan. Gobernu berria osatzean, Macronek ez du Le Penen Rassemblement Nationaleko (RN) ministrorik izendatu, baina kutsu ultraeskuindarreko gobernu berri bat sortu du, faxisten babesa lortzeko; hala nola, RNko Le Penena eta Jordan Bardellarena.

Hauteskunde-kanpainan, faxismoari aurre egiteko hautagai modura aurkeztu zuen bere burua Macronen koalizioak, baina faxistei kontzesioak egiten ari da etenik gabe, zuzenean RNko ministrorik ez izendatu arren.

Macron 2022an izendatu zuten berriz presidente, hauteskundeen bigarren buelta batean irabazi ostean. Printzipioz, 2027an izango dira hurrengo presidentetza-hauteskundeak.

EZ DAGO IRUZKINIK