AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/02 17:53

Atzo, faxismoaren kontrako borrokaren agertoki izan zen Errotxapeko (Iruñerria, Nafarroa) Margarita Plaza. Vox alderdiak propaganda-postu bat jarri zuen bertan, baina faxistei aurre egiteko mobilizatu ziren bizilagun asko. Espainiako Poliziak babestuta baino ezin izan zuen postua mantendu Voxek, indartsua izan baitzen faxisten presentziari eman zitzaion erantzuna. "Mobilizazio eredugarri horrek argi eta garbi utzi zuen faxismoa ez dela ongi etorria ez Errotxapean, ez beste inon", azaldu dute gaur arratsaldean, hainbat bizilagunek Margarita Plazan bertan egindako agerraldian.

Ohartarazi dute Poliziak, "indarkeriaren monopolioaren bidez, faxistak defendatu" zituela auzoan: dozenaka pertsona modu bortitzean kolpatu zituzten agenteek, eta hainbat lagun zauritu zituzten. Agerraldian, hala, Poliziaren esku-hartzea salatu eta babesa adierazi diete zaurituei.

Espainiako Gobernua seinalatu dute erantzule modura, beste behin ere, "egon den gobernurik progresistenak errepresioa erabili" duelako "faxismo instituzionalari aurre egiten diotenen aurka". "Krisian dagoen sistemaren irtenbide autoritarioarekin" lotu dute errepresioa, eta Errotxapean atzo bizitakoaz gain, beste hainbat kasu izan dituzte gogoan: Berriozarren gaur bertan jazotakoa, Hispanitatearen Egunean Iruñean Voxen aurka mobilizatzeagatik jarritako 21.000 euroko isunak eta abar. Errepresioa jasaten ari diren guztiei elkartasuna erakusteaz gain, "faxismoaren gorakadaren aurka mobilizatzen eta antolatzen jarraitzeko deia" egin dute Errotxapeakoek.

"Gorakada erreakzionarioko testuinguru batean, estatuak erakunde erreakzionarioak babesten ditu, aurre egiten dietenak zigortzen dituen bitartean", gaineratu dute: "Egoera honetan garrantzitsua da protestarako eskubidea legitimatzea eta faxismoa nahi bezala ibil dadin eragoztea, edozein gunetan faxismoaren presentzia desnormalizatuz eta horri aurre eginez. Faxismoa ez normalizatzea lortu behar dugu, eta, horretarako, kalera atera behar gara".

EZ DAGO IRUZKINIK