Irunen (Gipuzkoa), etxegabetua izateko arriskuan dago familia bat. Adin txikiko sei pertsona ditu bere ardurapean familia horrek, eta Irungo Udalaren larrialdi-etxebizitza batean bizi dira gaur egun. Denbora daramate bertan, baina etxetik bota nahi ditu orain udalak, bizitoki-alternatiba egokirik bermatu gabe. Une honetan, PSE-EE du buru Irungo Udalak.
Bidasoko Kontseilu Sozialistak eman du arriskuan dagoen sendiaren egoeraren berri. Familiako kide batek azaldu duenez, udalak berak jakinarazi die bota egin nahi dituela larrialdi-etxebizitzatik, eta ez dauka "etxegabetzea geldiarazteko borondaterik".
Familiako kidearen esanetan, hainbat etxebizitza-alternatiba bilatzen eta aztertzen aritu dira, baina ez diete baldintza egokiak dituen bizitokirik ziurtatu oraingoz. "Eskaintzen diguten alternatiba bakarra [Gipuzkoako] Diputazioaren alternatiba faltsu bat da, gure beharrekin bat ez datorrena, eta ez didate denbora-marjina gehiago ematen etxebizitza duin bat bilatzeko", ohartarazi du.
Protesta ostiral honetan
Bidasoko Kontseilu Sozialistak salatu du berriz geratu dela agerian Espainiako Estatuko Etxebizitza Legearen "eraginkortasun eza". Antolatzeko deia egin du, eta horretarako pauso bat emango du ostiral honetan: mobilizatzera deitu du Kontseilu Sozialistak, aipatutako etxegabetzearen kontra eta, orokorrean, etxegabetze ororen aurka. Irungo San Juan plazan izango da ostiraleko elkarretaratzea, arratsaldeko 18:30ean.
Kontzentrazioan aterabide bat exijituko dute kaleratua izatear dagoen familiarentzat, eta "etxebizitzarako sarbide unibertsala bermatuko duen gizarte-eredu bat" aldarrikatuko dute, Kontseilu Sozialistako kideek zehaztu dutenez.
IRUNGO UDALAK FAMILIA BAT ETXEGABETU NAHI DU.
— Kontseilu Sozialista Bidasoa (@Kontseilua_Bid) August 26, 2024
Etxegabetzeen aurrean antolatu eta borrokatu!
KONTZENTRAZIOA
đź“…ABUZTUAK 30
đź“ŤSan Juan Plazan
đź•”18:30 pic.twitter.com/ZzxAaNGSYu