BSH enpresak Ezkirozko (Nafarroa) fabrikaren itxiera justifikatzeko erabilitako "antolaketa-kausak" ez dira nahikoa, eta ekoizpenari lotutako argudioak "neurriz kanpokoak dira", Nafarroako Lan Ikuskaritzak ondorioztatu duenez. Zuzendaritzak lantegia zarratzeko eta 609 langile kaleratzeko mahaigaineratutako enplegu-erregulazioko espedientea aztertu du ikuskaritzak, baina zalantzan jarri du enpresak emandako justifikazioa: "Jardunean den ikuskatzailearen iritziz, Ezkirozko zentroko 609 lan-kontratuak azkentzea ez da arrazoizkoa proportzionaltasunari eta lortu nahi diren helburuetara egokitzeari dagokienez".
Enpresak iazko abenduan aurkeztu zuen azkentze-espediente bat, eta horren ondoren jardun behar izan zuten sindikatuek kaleratze masiboaren baldintzak negoziatzen. UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuek joan den uztailean egin zioten bide aurreakordio bati, sindikatu horien hamabi ordezkariek (hamazazpitik) eman baitzuten baiezkoa. Ondoren, plantillan ere aldeko botoa nagusitu zen. Une honetan, geldirik dago Ezkirozko lantegiko jarduna.