Aurreko astean hasi ziren Deustuko (Bilbo, Bizkaia) jaiak, eta Ezker Abertzaleak mantendu egiten du auzoko Jai Batzordean parte hartzeko Gazte Koordinadora Sozialistari jarritako debekua. Beto politiko hori zela-eta jarri zuten martxan Deustuko jaiak denontzat! ekimena, hilabete honen hasieran aurkeztu zutena. Ezker Abertzaleak GKSri ezarritako betoaren kontra eta "auzoko eragileek Jai Batzordean baldintza berdinetan parte hartzeko eskubidearen" alde abiatu zuten ekimena. Betoaren aurrean, egitarau propio bat antolatu zuten joan den larunbaterako, Deustuko festen barruan.
Eguerdian hasi zen Deustuko jaiak denontzat! dinamikak prestatutako egitaraua, eta jende ugari bertaratu zen. Oskarbi tabernan elkartu ostean, bertso-bazkari bat izan zen parkeko hockey pistan, eta elektrotxaranga batek girotu zituen gero auzoko kaleak.
Iluntzerako zegoen jarrita hitzordurik garrantzitsuena: Done Petri plazatik hasita, mobilizazio bat izan zen Deustun zehar, Ezker Abertzaleak Mugimendu Sozialistari jarritako beto politikoa salatzeko eta "auzoko jaietan espazio zabalak" aldarrikatzeko.
Ondoren, hainbat artistaren musika emanaldiekin biribildu zuten eguna. "Deustuko jaietan parte hartzeko eskubidea bermatzeko espazio zabalak antolatzen jarraituko dugu", adierazi dute GKSko kideek.