AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/23 21:35

Azken asteetan Ezker Abertzaleak Kontrakantxa gaztetxearen, Hernaniko Gazte Asanbladaren eta Mugimendu Sozialistaren kontra egin dituen erasoak salatzeko elkartu dira gaur Hernanin (Gipuzkoa), Kontrakantxa aurrean, hain zuzen.

Gaurko agerraldian, hasteko, adierazi dute Kontrakantxa eta Gazte Asanblada "jardun publiko irekia" duten espazio eta eragileak direla, "gizartea eraldatzeko asmoz jardun nahi duen edozein gazteri irekita daudenak". Horren adibide modura aipatu dituzte "formakuntzarako, borrokarako edota aisialdirako modu desinteresatuan [gaztetxean] egiten diren" jarduera guztiak. Gehitu dute, beraz, "edozeinek parte hartu" dezakeela gunean, "bai eta bere osaketan ere", eta kasu denetan bezala, "momentuan gaztetxea osatzen duten kideen araberako izaera" hartzen duela halako espazio batek.

Boikot politikoa

Ezker Abertzalea eta bere ingurua gaztetxearen eta bertako kideen aurka oldartu izanaren arrazoia seinalatu dute: "gaztetxea kontrolpean —zuzenean edo zeharka— edukitzeari utzi diotela, berau osatzen dugun kideok ildo politiko horretan sinesteari utzi diogulako. Arazo bihurtu da beraientzat Kontrakantxa, boikota egin beharreko zerbait".

Jakinarazi dute, dena den, "ohiko" jarrera dela hori "kritika politikoa erasotzat hartu eta horri, arrazoituz erantzun beharrean, erasora jotzen duenarentzat". Azpimarratu dute, ordea, Kontrakantxak zein bertako kideek "errespetua merezi" dutela. "Hipokrisia eta zinismo galanta ikusten ditugu gaztetxea aurrera ateratzen ari garen kideoi, berau pribatizatzea egotzi bitartean, Hernaniko Gazte Mugimenduaren izenean hitz egiteko eta gaztetxea edo Gazte Koordinadora Sozialista bezalako antolakundeak bertatik kanpo uzteko ekintzan", salatu dute.

Aspalditik datorren jarrera oldarkorra

Agerian utzi nahi izan dute, hala ere, azken asteetan gogortu den jarrera erasokor hori hainbat urtez ikusi den ohiko "politikaren jarraipena" dela. Horren adibide batzuk eman dituzte, gainera. Batetik, azaldu dute Ezker Abertzaleak Kontrakantxaren, Hernaniko Gazte Asanbladaren zein Mugimendu Sozialistaren propaganda politikoaren aurka egin duela azken urteetan; gogora ekarri dute, esaterako, herriko Ernaiko taldearen arduraduna Mugimendu Sozialistaren pankarta bat kentzen harrapatu zutela.

Bestetik, Gazte Asanbladak abiatutako Ez da delitua dinamika —okupazio baten ondorioz jasotako hainbat isun ordaintzeko, tartean Ezker Abertzaleko kide bati ezarritakoa, milaka euro bildu dituen dinamika— boikoteatu du Ezker Abertzaleak, gogorarazi dutenez. "Horren adibide da, urriaren 2rako antolatu genuen Elkartasun Eguna teilakatuz, egun horretarako bertarako Ezker Abertzaleak Independentzia Eguna antolatu izana", zehaztu dute prentsaurrekoan.

Bestalde, Gazte Asanblada "blokeatzeko" helburuz Zartada izeneko ekimena sortu izana ere egotzi diote; halaxe adierazi baitzieten Ernaiko kideek, "hitzez hitz". "Jardun horren emaitza da, adibidez, Gazte Asanbladak urtero antolatzen duen ekainaren 25eko herri bazkaria ekiditeko helburuarekin udalari, egun eta leku berean, Zartadaren bazkaria egiteko baimena eskatzea, azken horren konplizitatea eta botere posizioa baliatuz", argitu dute.

"Gaztetxeak jasan dituen dozena-erdi baino gehiago lapurreta eta eraso fisiko kasuren aurrean" Ezker Abertzaleak eta bere inguruak erakutsitako pasibotasuna ere seinalatu dute, azkenik.

Boikota txosnagunean ere

Azken asteetan, baina, jarrera oldarkor hori guztia "areagotu" egin dela azaldu dute gaurko agerraldian. Lehenik eta behin, Bilgune Feministaren eta Ezker Abertzalearen artean Mugimendu Sozialista Hernaniko Txosna Batzordetik kanporatu dute, "inolako justifikaziorik gabe", eta mugimendu horri txosnak jartzeko eskubidea ukatuz. "Ezker Abertzalea, gainera, EH Bilduren indar posizioari eta instituzio publikoak errazten dizkion baliabideei esker, udalean ere erabaki hori sostengatzen eta Mugimendu Sozialista festa eremutik kanpo uzteko ahaleginak egiten ari da", jakinarazi dute.

Joan den asteko gertakariak

"Horren ondoren, eta txosnarik gabe uzteko saiakerek eraginda, maiatzaren 14an, Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Egunean, gaztetxean eta parranda giroan, Mugimendu Sozialistako kide batek hori guztia aurpegiratu zien haien kontrako jardunean ari diren Ezker Abertzaleko hainbat kideri", azaldu dute, aurreko astean Ernaiek, Hernaniko Gazte Mugimenduaren izenean, sortutako ustezko polemikari erreferentzia eginda. "Beregatik balitz, bertan [gaztetxean] ongi etorriak ez direla" esan zien Mugimendu Sozialistako kideak —ikusi hemen Kontrakantxak Ernaien salaketari emandako erantzuna—.

"Gertakari hori aitzakiatzat hartu du Ezker Abertzaleak biktima izaera antzezteko eta gure aurka gogorrago egiten saiatzeko", salatu dute agerraldian. "Pasa den ostiralean Gazte Mugimenduaren izenpean egin zuten prentsaurrekoa horren adibide argia da. Gaztetxeko gertakarien gaineko gezurrak zabaltzen ari dira —Ezker Abertzaleko kideak gaztetxetik indarrez bidali zituztela esanez adibidez; izan ere, ez zituzten bidali ere egin— eta bertatik fikzio bat egin nahi dute".

Jazarpen politikoaren normalizazioa

"Gaztetxearen eta, oro har, Mugimendu Sozialistaren aurkako jazarpena" legitimatzeko saiakera gisara kokatu dute hori guztia, eta "horren lehenengo emaitzak pasa den asteburuan ikusi" direla diote. "Ezker Abertzaleko hainbat kidek Mugimendu Sozialistako hainbat kide mehatxatu zituzten, 'Ezker Abertzalearen aurka egiten baduzu lepoa moztuko dizut' bezalakoak esanez, eta horietako bati ostikada bat eman zion Ezker Abertzaleko kide batek. Mugimendu Sozialistako kide baten lagun bati zaplazteko bat ere eman zion", azaldu dute: "Horra hor aurreko eguneko prentsaurrekoak bilatzen duen inpunitatearen adibide bat".

"Horren guztiaren atzean" honakoa ezkutatzen dela seinalatu dute: "Ezker Abertzalea, nahiz eta itxura anitz, herrikoi, erradikal edota iraultzailez mozorrotu, gaur-gaurkoz, estatu kapitalista eta espainiarrean integratuta dagoen alderdi-mugimendu bat gehiago da. Hori dela eta, Estatuari funtzionala zaion papera betetzen du; beste gauza askoren artean 'euste-horma' modura".

Zentzu horretan, "besteak beste, Estatuarekiko modu independentean eta horren aurkakotasunean lan egin asmoz ari garen komunistok blokeatzeko eta sozialki jazartzeko funtzioa betetzen bukatzen du" Ezker Abertzaleak, ohartarazi dutenez. Horretarako, gainera, "Estatuaren baliabideak erabiltzea" leporatu diote, diru publikoa edota udalen gisako instituzioak, adibidez. "Horretan guztian gutxi balio dute antolakunde horietako kideen asmo deklaratuek, estrategikoki eta egunerokoan gauzatzen duten politikari erreparatzea delako garrantzitsuena", nabarmendu dute prentsaurrekoan.

Hautu irmoa

Kontrakantxa gaztetxeak, Hernaniko Gazte Asanbladak eta Mugimendu Sozialistak, dena den, adierazi dute ez dutela haien "aurkako erasorik onartzen", eta horiek salatzen jarraitzuko dutela. Hernaniko herritarrei ere deia luzatu diete "norabide horretan ekarpena egin dezaten".

Haien eskubideak defendatuko dituztela ere jakinarazi dute agerraldian, esaterako, "beste edozein eragilek daukan txosna jartzeko eskubidea". Ezker Abertzaleari eta Bilgune Feministari dei egin diete, beraz, haien jarrera "zuzentzera", eta Mugimendu Sozialista txosnarik gabe uzteko erabakia atzera botatzera.

EZ DAGO IRUZKINIK