AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/23 20:02

Zestoako (Gipuzkoa) Gazte Asanbladak duela zenbait egun hartu zuen Gaztetxe berria, herriko zentroan. Denbora luzea daramate Gaztetxea zentrora tokialdatzeko borrokan; gaur egun erabiltzen duten espazioak dituen azpiegitura-mugak gainditzeko, Gaztetxeko jarduna hedatzeko eta "indarrak biderkatzeko". Zehazki, bere garaian zinema izandakoa eta Elizak zentro modura erabiltzen duena proposatu zuten asanbladako kideek Gaztetxe bilakatzeko, eta duela urte eta erdi hartu zen horretarako konpromisoa asanbladak, Elizak eta Zestoako Udalak osatutako negoziazio-mahaian. Denborak aurrera egin arren, baina, ez da lekualdaketarik izan, eta horregatik erabaki zuen asanbladak zentroko lokal horretara sartzea, Gaztetxe gisara aldarrikatzeko, eta "Gaztetxearen arazoari behin betiko soluzioa emateko" berme modura.

Birjabetzearen berri eman zutenetik, udalarekin nahiz Elizarekin harremanetan egoten saiatu dira asanbladako kideak. Elizaren erantzunik ez dute izan momentuz, ordea. "Elizak zein gotzaitegiak ez digute telefonorik hartzen. Ezinezkoa da beraiekin kontaktuan jartzea", azaldu dute berriki. Gaztetxe berriaren inguruan hitz egiteko negoziazio-mahaia, hortaz, ez dago martxan une honetan.

Gaztetxe berriaren egoera erabat ezegonkorra da gaur-gaurkoz. Atzo Ertzaintza bertaratu zen eraikinera, eta modu bortitzean jo zuen han zeuden gazteen kontra. Besteak beste, sei pertsona identifikatu zituzten ertzainek, eta ulertzera eman zuten gazteetako baten aurkako prozedura judizial bat jarriko dela martxan, usurpazio-delitua leporatuta. Oraindik, baina, ez dute inolako jakinarazpenik jaso asanbladako kideek.

Akordio bat lortzeko borondatea berretsi du Zestoako Gazte Asanbladak. Jakinarazi du, gainera, Gaztetxea zentrora lekualdatzeko borrokari eutsiko diola eta ez duela birjabetutako espaziotik alde egiteko asmorik. "Guk argi dugu: soluzioa orain!", aldarrikatu du.

"Zentrora sartu izanaren egoerak sor ditzakeen kezkak nahiz galderak argitzeko" asmoz, batzar bat antolatu dute biharko, ostiralerako. 19:00etan Alonderoko aretora bertaratzera deitu dute asanbladako kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK