AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Auzotegi
2020/12/03 10:48

Iruñeko (Nafarroa) udaltzainak aurreko igandean sartu ziren Txantreako Auzotegi kultur etxean, "bortizki". Tailer eta ikastaro ugari egiten dituzte bertan, eta horixe zen egoera igandean: tailer batean parte hartzen ari ziren zazpi pertsona polizia-indarrak barruratu zirenean.

Agerraldia egin zuten atzo Auzotegiko hainbat kidek, eta polizia-agenteak kultur etxera sartu izana salatu zuten, "erabat legez kontrako praktikatzat" jota hori. Udaltzainek "zentrora sartzeko erabilitako indarkeria" ere gaitzetsi zuten, tailerreko arduradunekin "bultzaka ibili baitziren sartu ahal izateko".

Bestalde, poliziek une horretan kultur etxean zeuden zazpi pertsonak "kanporatu" eta 3.000 euroko isunekin zigortu izana salatu zuten Auzotegiko kideek, baita "jasandako erasoa gaitzesteko hurbildu ziren bi bizilagun identifikatu" izana ere.

AURRERA JARDUNAREKIN

"Indarrean dagoen legedian ez dago justifikaziorik gure jarduera soziokulturalak egitea eragozten duenik, are gutxiago, jarduera horietan, arestian esan dugun bezala, beharrezkoak diren osasun-neurriak zorrotz betetzen ditugunean", diote.

Hala, berretsi dute aurrera jarraituko dutela "bizilagunen beharrei erantzuten dien ohiko jarduera soziokulturalarekin", eta jakinarazi dute "joan den igandeko gertaeren gaineko erantzukizunak argitzea eskatuko" dutela.