AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaurko manifestazioa.
2021/05/08 17:58

Badira 11 egun Espainiako Poliziak hamar gazte atxilotu zituela Iruñerrian (Nafarroa). Gaur, maiatzaren 8an, klase elkartasunaren aldarriak hartu du berriz Errotxapea auzoa: milaka lagunek egin dute manifestazioa Plaza Gorritik hasita, Erasoen aurrean, klase elkartasuna lelo hartuta. Joan den asteartean deitu zuten mobilizatzera Errotxapean, prentsaurreko bidez, eta jende andanak egin du bat deialdiarekin.

Prozesu judiziala martxan

Mobilizazioa amaitzean, ohartararazi dute aurrera jarraitzen duela auzipetutako gazteen aurkako operazioak, "prozesu judizial gisa". Apiril amaieran atxilotutako hamar gazteez gain, beste bi pertsona deitu dituzte deklaratzera, kausa berdinaren barruan. Gaurko manifestazioan berriz seinalatu dute "neurriz kanpoko polizia-operazioa", eta komunikabideek erakutsitako "etika faltari" ere egin diote azpimarra.

Jarduera politikoa jopuntuan

Gisa horretako polizia-operazioak "ezagunak" izateak ez diola gertatutakoari "larritasuna kentzen" errepikatu dute gaurko mobilizazioan. "Jarduera politikoari buruzko polizia-txostenak egiteaz ari gara, zeina sistematikoki jarraitzen, monitorizatzen eta, azken batean, inolako lotsarik gabe jazartzen baita", esan dute: "Gaur hemen epaitzen ari direna jarduera politikoa besterik ez da, Estatuaz eta bere klase interesetaz haragoko jarduera politikoa".

"Ezarritako ordena hausten duen oro" auzipetzea ez da "iraganari soilik lotutako" zerbait, gaurkoan gogorarazi dutenez. "Errepresioak funtzio politikoa betetzen du estatu eta klase menderatzaileentzat, eta unean uneko beharren arabera, erabili egin du, gaur egun erabiltzen du eta modu eta intentsitate desberdinetan erabiltzen jarraituko du. Estatuaren parte direnek halako egoerak indartu eta babestu besterik ez dute egiten", salatu dute.

Klase elkartasuna erasoen aurrean

Iruñerriko atxiloketak ez direla "kasu isolatu bat" nabarmendu dute gaur Errotxapean, eta "horrelako egoerek gertatzen jarraituko" dutela. "Beraz, ezin ditugu normalizatu, ezta beste aldera begiratu ere, gehiago izateko arriskua baitago".

"Argi utzi nahi dugu ez ditugula eraso horiek onartuko, orain pertsona jakin batzuen aurka jotzeaz gain, gu guztion aurkako erasoak direla, politika egiteko modu baten kontra", esan dute manifestazio bukaeran. "Aukera bakarra", hortaz, "klase elkartasunaren bidez bat egitea" dela aldarrikatu dute, "horrelako egoerei zilegitasuna kentzeko eta eragozteko, eta Estatuari eta klase menderatzailearen interesei benetako alternatiba bat eraikitze aldera".

11 egun

Apirilaren 27an eraman zituzten atxilo Errotxapeako eta Burlatako hamar gazteak, eta haietako batzuen etxebizitzetan miaketak ere egin zituzten polizia-agenteek. "Ordu luzez" ez zieten utzi inorrekin hitz egiten edo haien konfiantzazko abokatuekin egoten, eta gutxieneko "oinarrizko baldintzak" ere ukatu zizkieten haien atxiloaldian, gazteek azaldu zutenez.

Atxiloketen egunean bertan egin zuten mobilizazio bat Errotxapean, baita hurrengo egunean ere. Gaur bezala, Erasoen aurrean, klase elkartasuna aldarrikatu zuten ehunka pertsonak.

EZ DAGO IRUZKINIK