Manifestazioa egingo dute Errotxapean larunbat honetan, 'Erasoen aurrean, klase elkartasuna' aldarri hartuta

Jende ugari elkartu da gaur Errotxapean, eta Iruñerrian joan den astean atxilotu zituzten hamar gazteei babesa adierazteaz gain, mobilizaziora dei egin dute maiatzaren 8rako.
Argazki Nagusia
2021eko maiatzaren 4a

Joan den asteartean Espainiako Poliziak hamar lagun atxilotu zituen Iruñerrian (Nafarroa). Bi gau eman zituzten udaltzainen ziegetan gazteek, eta epailearen aurrean deklaratu ostean geratu ziren aske. Auzibide berdinaren barruan, beste bi pertsona deitu dituzte deklaratzera.

Polizia-operazioa argitara atera eta astebetera, Errotxapeako Plaza Gorrian bildu dira berriz hainbat eta hainbat pertsona, agerraldi bat egiteko. Gogora ekarri dute poliziak miaketak egin zituela atxilotutako gazteetako batzuen etxebizitzetan, "ordu luzez" ez zietela utzi inorrekin hitz egiten nahiz konfiantzazko abokatuekin egoten, eta gutxieneko "oinarrizko baldintzak" ere ukatu zizkietela haien atxiloaldian.

Zigor-operazioa eta hedabideak

"Eskubideen urratze horiek guztiak atxilotuen eta haien gertukoen kontrako nahita eginiko zigor-operazio baten parte dira, ikara sortzeko helburu argiz", adierazi dute gaurko prentsaurrekoan: "Neurriz kanpoko polizia-operazio batez ari gara leporatzen zaizkien ustezko ekintzengatik. Badakigu akusazio horiek muntatu duten zirkua justifikatzeko aitzakiak baino ez direla".

"Gertaturikoaren berri emateko orduan" komunikabideek izan duten "etika falta" ere salatu dute agerraldian elkartu direnek.

Jazarpen politikoa

"Manipulazioaren" bidez, "auzoko lagun talde bat" "talde kriminal bihurtu nahi" dutela seinalatu dute gaurkoan. "Ezaguna den zerbait izateak ez dio larritasuna kentzen", ohartarazi dute: "Jarduera politikoari buruzko polizia-txostenak egiteaz ari gara, zeina sistematikoki jarraitzen, monitorizatzen eta, azken batean, inolako lotsarik gabe jazartzen baita".

Salbuespena arau

Prentsaurrekoan hitza hartu dutenen esanetan, pandemiak "agerian utzi" du "gizartea maila desberdinetara eramaten ari zen krisi sakona" eta, testuinguru horretan, "klase menderatzaileak herritarrak kontrolatuta eta diziplinatuta izatea erabaki" duela esan dute. Hori, gainera, "bide guztietatik" egin duela gogorarazi dute, "gerra ideologikotik hasi eta bortizkeria huts eta gogorreraino".

"Salbuespena arau bihurtu da, eta neurri autoritarioekin batera, indar polizialen boterea eta inpunitatea areagotu egin dira", gaineratu dute. Hori are nabarmenagoa izan da "proletarizatutako auzoen eta gizarte-sektoreen" kasuan eta, bereziki gazteak jo-puntuan jarrita, "gazte kriminalizazioari" bide eman zaiola salatu dute agerraldian. Are, "errepresio horrek dimentsio handiagoa hartu du sozialki eta politikoki bidegabekeria horien eta beste hainbaten salaketan konprometitutako jendea denean", ondorioztatu dutenez.

Errepresioa bizi-bizi

Errepresioa "testuinguru zehatz horretan" kokatuta, agerraldian azpimarratu dute errepresio hori ez dela "iraganari soilik lotutako" zerbait, "gaur egungo fenomenoa" ere badelako. "Errepresioak funtzio politikoa betetzen du estatu eta klase menderatzailearentzat, eta unean uneko beharren arabera, erabili egin du, gaur egun erabiltzen du eta modu eta intentsitate desberdinetan erabiltzen jarraituko du", azaldu dute.

Azkeneko atxiloketak ez direla "kasu isolatu bat" azpimarratu dute, eta "horrelako egoerek gertatzen jarraituko" dutela. "Beraz, ezin ditugu normalizatu, ezta beste aldera begiratu ere, gehiago izateko arriskua baitago", azaldu dute.

Manifestazioa hilaren 8an

Plaza Gorrian bildu direnek jakinarazi dute ez dituztela "eraso horiek onartuko": "Orain, pertsona jakin batzuen aurka jotzeaz gain, gu guztion aurkako erasoak dira". "Aukera bakarra", beraz, "klase elkartasunaren bidez bat egitea" dela nabarmendu dute, "horrelako egoerei zilegitasuna kentzeko eta eragozteko".

Agerraldiari amaiera emateko, auzipetutako gazteei elkartasuna adierazteaz gain, asteburuan mobilizatzera deitu dute. Hain zuzen, manifestazioa egingo dute larunbat honetan, maiatzaren 8an, 18:30ean Errotxapeako Plaza Gorritik hasita.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik