AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Bilboko Udala
2022/09/09 10:59
Baliteke Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzain gehienek aurrerantzean pistola eramatea. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak baieztatu duenez, Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordean "udaltzain guztiek pistola eraman behar ote duten eztabaidatzen eta aztertzen" ari dira.

Irratian egindako elkarrizketa batean Erkorekak gogorarazi du "epaiketak izan direla eta epaileek esan dutela derrigorrezkoa dela udaltzainek ere armak eramatea", EAEko Justizia Auzitegi Gorenak 2019ko ekainean Eibarko (Gipuzkoa) kasu bati buruz ebatzitakoari dagokionez. Polizien elkarteen eta Eibarko Udalaren arteko lehia judiziala izan zen ordukoa. Lehendabizikoen alde egin zuten epaitegiek, "segurtasun publikoa Estatuaren afera esklusiboa" dela argudiatuta. Kasu horrek jurisprudentzia sor zezakeela espero zen, hau da, neurria EAE osoan aplikatzeko aurrekari bat ezarriko zuela; halaxe izan da.

Lobby poliziala

Polizia sindikatu deituriko elkarte horiek presio mediatiko, politiko zein juridikoa egiten dute ordena publikora baliabide publiko gehiago bideratu daitezen, zigor kodea gogortu dadin edota legeek indar errepresiboak gehiago babestu ditzaten. Kasu honetan, udaltzainei pistolak ematearena aspalditik eskatzen ari diren neurri bat da, beste 3.000 agente inguru armatzea ekarriko lukeelako. Hala ere, udal gobernu gehienak kontu handiz aritu izan dira euren agenteak armatzeko garaian, udaltzainek armekin egin dezaketenaren erantzukizun politikoa udalarena baita. Gauzak horrela, EAEko hiru hiriburuetan eta udalerri handi jakinetan baino ez dituzte armatu udaltzainak, oraingoz.

Erkorekak gaineratu duenez, Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordean "prozesua antolatzeko eta bideratzeko modua" eztabaidatzen ari dira, eta Eusko Jaurlaritzak "dekretu batean jarriko du bertan proposatzen eta planteatzen dena". Horren arabera, Eusko Jaurlaritza organo polizial bati eskumen legegileak ematen ariko litzateke, eta Eusko Jaurlaritzak idazkari funtzio hutsa beteko luke.

Herri txikiak salbuetsita

Nolanahi ere, Segurtasun sailburuak gogorarazi du udaltzaingo guztiak ez direla "maila berekoak": "Herri batzuetan kidegoetan antolatuta eta egituratuta daude, eta beste batzuetan ez. Beraz, arau horrek ez luke ondorio berdina izango kasu guztietan. Polizia-kidegorik ez dutenen kasuan –herri txikiak–, araua bestelakoa izan liteke, udaltzaingo bakarra baitago; askotan ez duena horrelako lanik egiten, beste batzuk baizik. Kidegoetan antolatuta daudenei buruz ari gara, hau da, udaltzaingo propio eta partikularra duten udalen kasuei buruz", zehaztu du.

EZ DAGO IRUZKINIK