Ezkirozko BSH, Altsasuko Sunsundegui, Tuterako Nano Automotive, Azkoitiko Juaristi eta Laudioko Maderas de Llodioko hainbat langileren gutuna, hemen:
Euskal Herriko industria krisian da. Ziztu bizian ari dira enpresak ixten eta lanpostuak suntsitzen. Ohitu egin gara goizean esnatzearekin batera EEEen, kaleratzeen eta lantegien itxiera prozesuen berri izatera. Euskal Herrian, 2025 honetarako, lerroburu egokia litzateke aurrekoa zerrenda luze honetako kideontzat: BSH, Juaristi, Maderas, Balenciaga, Sunsundegui, Nano Automotive, Guardian, Bridgestone… Batzuk behin betiko itxierak izan dira; beste batzuek kaleratze masibo eta gure lan baldintzen okertzea ekarri dute; hainbatek ikusteko dago oraindik nola bukatuko duen. Horietako bakoitza zartada bat izan da guretzat eta gure familia zein lagunentzat, grebetan, lo hartu ezineko gauetan eta ziurgabetasun uneetan alboan izan ditugun horientzat.
Ondotxo dakigu zer dagoen horren guztiaren atzean: dirua eta diru gehiago. Europar kapitalismoaren okertzeak eta etekinen moteltzeak behin eta berriz langile klasea are gehiago estuarazten du kontuak koadratu ditzan. Inposizioa, xantaia eta deslokalizazio mehatxua dira horretarako tresna erabilienak. Agintzen dutenei kontuak jada ateratzen ez zaizkienean, murrizketa bortitzak ezarri eta beste nonbaitera ihes egiteko prestatzen dira. Tartean, batzuetan, funtsen bat agertzen da langileok are gehiago zukutzearen kontura azken eurora arte poltsikoratzen duena. Hau da, zartada eman eta ezer gehiago ateratzerik ez duenean ihes egiten duena; beste batzuetan betiko zuzendaritza da lantegia itzaltzen utzi edo beste norabait daramana. Aurpegiak eta aitzakiak aldatzen dira, baina logika beti berdina da. Haiek airoso irteten dira, poltsikoak betetzen jarraitzeko aukera berrien bila; guk ondorioen zama besterik ez dugu jasaten.
Bikain prestatutako itxiera kate baten aurrean gaude, kolore guztietako politikariak izan dira prest euren kezka antzeztu eta zarata isil dadin elkarrizketa mahaiak deitu dituztenak: prentsaurrekoak, argazkiak eta "asmo onez" jositako hitzaldiak. Benetako konpromisoak, ordea, bakar bat ere ez, izan ere, horiek enpresari handien irabazien marjina artean aritu behar izaten dute. Ondorioz, gehienetan denborak bere bidea egin dezan utzita, egoera itzal dadin itxaron dute. Horrela, langileok pilatutako amorrua apurka-apurka indarra galtzen joan da inbertsore berrien promesa hutsen eta inoiz iristen ez diren berrindustrializazio prozesuen esperoan. Horren guztiaren emaitza jakina ondorengoa da: langile klasearen borroka geldiarazi eta mugatzen da agintari, ministro eta kontseilarien hotsandiko adierazpen artean.
Prozesu horiek bizi izan ditugunok ondo dakigu zer dakarren ezer zehazten ez duten iragarpenen eta beti azkenak diruditen bileren artean harrapatuta geratzeak. Are gehiago, denborak aurrera egin ahala, begibistakoa izaten da agintariak noren alde ari diren: deslokalizazioak errazten dituzte, kaleratzeak merketzen dituzte lege eta erreforma bidez, eta diru publikoa sartzen dute berme laboral eta produktiborik batere gabe, EEEek nahi bezala aurrera egiten duten bitartean.
Presio, neke eta amorru nahasketa horrek apurka ahitzen zaitu. Hor, plantillak bakarrik aurre egiten badio enpresari edo talde multinazional bati, desabantailan da hasterako. Zer da lantegi isolatu bat instituzioen babesa duen nazioarteko sare enpresarial baten aurrean? "Hau guri ez zaigu gertatuko" pentsatzeak, gauzak hobetuko ote direlakoan eusteak edo behar baino gehiago tenkatu dadin saihesteak kalte egiten digu azkenerako. Lanpostua mantentzeko desesperazioz behin eta berriz erortzen garen tranpa baino ez da hori.
Horregatik, ikasi dugun lezio garrantzitsuena da lantoki bakoitzeko borroka solteak ez direla nahikoa. Klase elkartasuna oinarri dugularik, batera ekin behar dugu. Langile batasuna itxiera mehatxupean dauden lantokien eta ez daudenen artean; langile finkoen eta aldi baterakoen artean; lana dutenen eta ez dutenen artean; hemengoen eta kanpotik datozenen artean. Gure borroka ez baita lantokian hasi eta bukatzen, etengabeko ziurgabetasunera eta miseriara kondenatzen gaituen sistema baten aurkako borroka da gurea.
Gure esperientzia, ona zein txarra, irakaspen bat izan dadin nahi dugu. Espazio partekatuak behar ditugu, harremanak estutu eta elkar babestu. Gutun hau sinatzen dugunok borroka desberdinetatik gatoz. Batzuek borroka betean segitzen dugu; beste batzuek jaso dugu itxieraren kolpea eta kale gorrian amaitu dugu. Historiak ez dira berdinak, baina denek leku berera ematen dute aditzera: antolakuntzarik ezean, beste batzuek hartuko dituzte erabakiak gure ordez. Gure interesen kontra. Antolakuntza beharrezkoa da, ez bakarrik gure berehalako interesak defendatzeko, baita beste gizarte eredu bat proposatzeko ere, politikari eta enpresariek ezartzen diguten honetatik bereiziko dena.
Gutun hau abiapuntu bat izatea nahiko genuke gure moduan beti kolpeak jaso eta berriz jaiki behar direnak izateaz nazkatuta daudenentzat. Itxiera eta kaleratze garaietan borroka gogorragoa, baina aldi berean inoiz baino beharrezkoagoa da. Eta argi izan behar dugu borroka horretarako indarra lantokietan eta kaleetan hazten dela, bulegoetatik urrun.
Batasuna eraikitzeko garaia da. Denon artean. Zintzotasunez, memoriaz eta borrokan.
Gora langileon borroka!
Sunsundegui
Asier Castellano
Iñaki Claver
Joseba Donlo
Alberto Martinez
Karmina Nuñez
BSH
Roberto Orzanco
Pilar Markinez
Nano Automotive
Jose Antonio Arnedo
Gainera, gutunak BSH, Sunsundegui eta Nano Automotiveko beste langile batzuen babesa du, baita Juaristi eta Maderas de Llodioko langileena ere.