AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/30 12:39

Telesforo Monzon eLab eta Parte Hartuz ikerketa-taldeak aste honetan aurkeztu dute Naziometroaren zazpigarren neurketa. 2025eko maiatzean, Euskal Herrian bizi diren 1.355 pertsonari egin zieten inkesta, eta jarrera erreakzionarioak nahiz migrazioaren pertzepzioa aztertu dituzte, besteren artean. Ikerlariek azaldu dute, hala, iritzi erreakzionarioen gorakada nabarmen bat suma daitekeela.

Azpimarratu dutenez, inkesta erantzun duten pertsonen artean, %66k uste dute Euskal Herrian gora egin dutela jarrera erreakzionarioek, eta %57k nabaritu dute hori euren inguruan. Nagusiki, pertsona migranteen aurkako iritziak eta iritzi matxistak atzeman dituzte inkestatuek: %61ek diote jarrera arrazistak igarri dituztela, eta %33k identifikatu dituzte jarrera matxistak.

"Gehiegizko" migrazio-eskubideak jomugan

Aldagaiak elkarren artean gurutzatzean, ikertzaileek ondorioztatu dute jarrera erreakzionarioak ideologia jakin bateko sektoreetan nagusitzen direla; hain zuzen ere, eskuin muturreko pertsonen artean eta "euskal subiranotasunaren" aurka daudenen artean, Naiz-ek jaso duenez.

Hala ere, "eskuin muturreko" sektorean ez ezik, beste ideologia batekoak direla diotenen artean ere nabaria da "migrazio-eskubideak" kolokan jartzen dituztenen kopurua: euren burua "ezker muturrekotzat" daukaten biztanleen %15ek diote "gehiegizkoak" direla migrazio-eskubideak; iritzi hori dutenak %35,8 dira "ezkerrean" kokatzen direnen artean, %52,3 "zentroan" daudenen artean, eta %57 eskuin muturrekoak direla diotenen artean.

Inkestatuen artean, gainera, %26k pentsatzen dute pertsona migratuei mugaren bat jarri behar zaiela, eta %6,3k defendatu dute immigrazioa debekatu behar dela. Euskal herritar izateko baldintzei dagokienez, Euskal Herrian lan egiten duena eta bizi dena euskal herritarra dela iritzi diote %60k, eta nortasun hori bertan jaio izanarekin lotzen dute %21ek. Horrez gain, euskararen erabilera jaistearen kausei lotuta, hirugarren arrazoi modura identifikatzen da pertsona migranteen presentzia (%24k seinalatzen dute kausa hori).

Matxismoaren kontrako "gehiegizko" aldarriak

Bestalde, matxismoaren aurkako jarrerari dagokionez, proportzioak zertxobait txikiagoak baldin badira ere, ideologia guztietako sektoreetan ikus daiteke matxismoaren kontrako aldarriak "gehiegizkoak" direla pentsatzen dutenen ehuneko garrantzitsu bat. "Eskuin muturrean" %48 dira hori uste dutenak, eta "ezker muturrean", berriz, %9.

EZ DAGO IRUZKINIK