Georgiako Ametsa alderdiak aurreko larunbatean berritu zituen Parlamenturako hauteskundeak. Errusiaren aldeko joera indartu dute azken bozek, eta Europar Batasunaren aldeko asmoei zuzenean eragiten die horrek. Oposizioko buru Salome Zourabichvilik, Mendebaldearen aldeko jarrera duenak, hauteskundeetako emaitzak "errusiar operazio berezi bat" izan direla esan du, eta uko egin dio porrota onartzeari. Europar Batasunean sartu ahal izatea bultzatzeko asmoz sortu zuen koalizio bat oposizioak, eta Georgiako Ametsari leporatu dio "boto-emaileak derrigortzea eta intimidatzea", bai eta "politika autoritarioak" sendotzeko bidean pausoak ematea ere.
Mendebaldeak "irregulartasun posibleen aurrean kezka" agertu du, beste herrialde batzuetako hauteskundeen emaitzak bere interes geopolitikoekin lerrokatzen ez diren bakoitzean egin ohi duen bezala. Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko behatzaileek, ordea, ez zuten iruzur garbirik seinalatu.
Europar Batasunetik eta AEBetatik, neurtu egin dituzte erantzunak: "salaketak ikertzeko" deia egin dute, baina hauteskundeen emaitza erabat baztertu gabe. Gaitzespen irmo baten ordez, Europako diplomaziak "zuzenbide-estatua eta oinarrizko askatasunak errespetatu" ditzala eskatu dio Georgiako Gobernuari, baina bestelako ekintza edo esku-hartze ageririk gabe oraingoz.
Georgiako Ametsa 2012tik dago boterean, eta badirudi Kaukasoko herrialdea Mendebaldetik urrundu dela azken urteetan. Alderdiaren sortzaile Bidzina Ivanishvilik garaipena ospatu du, eta Moskurekin harremanak estutzea egotzi izan diote. Dena den, berekiko babesa mantentzen du, batez ere, herrialdeko landa-eremuetan eta eremu kontserbadoreetan, Europako erakargarritasuna ez baita hain nabarmena horietan. Georgiako Ametsaren eta sektore ultrakontserbadore nazionalen arteko aliantzak are gehiago eragotziko luke Bruselako eta Georgiako sektore batzuek herrialdea Batasunean integratzeko duten asmo historikoa.