Europar Batasunak kontrol sozialerako sistema berri batzuk jarriko ditu martxan Schengen eremuak barne hartzen dituen muga guztietan, hain justu, aurpegi-ezagutzaren bidez pertsonak identifikatzeko. Ez edozein pertsona, ordea: Europar Batasunetik kanpoko lurraldeetakoak diren pertsonen datu biometrikoak bilduko dituzte sistema horien bidez, unean bertan, autoritate lokalek nahiz Europar Batasuneko autoritateek seinalatutako pertsonen zerrenden barruan ote dauden ziurtatu ahal izateko. Miaketa eta identifikazio horiek, noski, legezko migrazioan nahiz legez kanpoko migrazioan gauzatuko dira.
Mugetan aurpegi-ezagutzaren bitartez bildutako datu biometriko horiek datu-base erraldoi batean jasoko dituzte, eta Europar Batasunak kudeatuko du irudi digitaletan oinarritutako informazio hori guztia; estatu kideek datu horietara sarbidea izango dute, eta ez dute zehaztu zenbat denborarako gordeko duten informazioa.
Urte amaieran jarri nahi dituzte martxan miaketarako sistema berri horiek Europar Batasuneko mugetan. Orain arte, hatz-marken bidezko identifikazioak egiten ziren, eta kontrolerako urrats bat gehiago izango dira aurpegi-miaketarako gailu berriak. Europar Batasunak 2017an onartu zuen Entry/Exit System izeneko proiektua, helburu nagusi batekin: "hirugarren herrialdeetako" bizilagunen datu biometrikoen erregistroa automatizatzea eta digitalizatzea Schengen eremuko mugak igarotzen dituztenean. 650 milioi euroko aurrekontu bat du proiektuak, eta legez, neurriek ez omen diete eragingo Europar Batasuneko estatuetako bizilagunei.
El País egunkariaren esanetan, orain arte, "ikerketa kriminologikoetan" baino ez dituzte erabili aurpegi-ezagutzarako sistemak Europar Batasunean. Adimen Artifizialaren erabilera arautzen duen proiektuaren arabera, "krimen larriei edo terrorismoari" aurre egiteko baino ezin da erabili aurpegi-miaketa, baina badu ñabardura bat: mugetan erabil daiteke teknologira hori. Ohartarazi dute, dena den, aurpegi-ezagutzarako sistemek huts egin ohi dutela "gizon kaukasikoak" ez diren pertsonen aurpegiak miatzean eta identifikatzen saiatzean.