AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Czarek Sokolowski/The AP
2024/10/25 16:57

Salud por Derechos erakundeak urriaren 22an aurkeztutako txostenaren arabera, Europar Batasunak harresiak eta hesiak ditu bere mugen %15ean, eta %94 handituko du migrazioa kontrolatzeko finantzaketa 2021-2027 aldirako. Ez da harritzekoa, asko baitira Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan azken hamarkadetan migrazio-tasak gora egiten ari direla modu interesatuan saltzen ari direnak.

Kontrara, joerek adierazten dutenez, 1950eko hamarkadatik hona, %2,7 eta %3,3 artean fluktuatu du munduan bizi den migrante kopuruak. Azken 70 urteetan, beraz, ia abiadura berean hazi dira migrante kopuru osoa eta biztanleria bera.

1950eko hamarkadatik hona, %2,7 eta %3,3 artean fluktuatu du munduan bizi den migrante kopuruak

Horrez gain, azpimarratzekoa da munduan gertatzen diren migrazio-mugimenduen %10 eta %15 artean soilik jotzen dela legez kanpoko migraziotzat, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen (OIM, gaztelaniazko sigletan) eta Nazio Batuen Erakundearen Errefuxiatuentzako Goi-Komisionatuaren (ACNUR) arabera.

Dena den, 1990eko hamarkadatik aurrera, etengabeak izan dira migrazioa murriztea edota kontrolatzea helburu izan duten neurriak. Horien adibide dira azken asteetan entzutetsuak izan diren Albaniako migrazio-zentroak. Baina eraginkorrak ote dira neurri horiek guztiak? Lortzen ote dute migrazioa murriztea?

Population and Development Review aldizkariak argitaratutako International Migration: Trends, Determinants, and Policy Effects artikulu zientifikoak analisi sakona egiten du migrazio-politika horien eraginkortasunaren inguruan, baita horrek dakartzan albo-kalteen inguruan ere. Lanak dioenez, eta arestian aipatutako joerak kontuan hartuta, ez dago migrazio-politiken gogortzea eta migrazio-tasaren arteko korrelazio bat ezartzerik epe ertainera edo luzera begiratzen bada.

Ez dago migrazio-politiken gogortzea eta migrazio-tasaren arteko korrelazio bat ezartzerik epe ertainera edo luzera begiratzen bada

Ondorio nagusia da migrazioaren kontrako politikak gogortzeak migrazioaren nolakotasuna aldatzen duela, baina ez dela gai fenomenoa bere horretan murrizteko edo desagerrarazteko. Alderantziz, paradoxikoa dirudien arren, migrazio-politikak gogortzeak migrazioa areagotu ere egin dezake.

Population and Development Review-k lau multzotan sailkatuta azaltzen du fenomeno bitxi hori, migrazio-politikaren gogortzearen efektuetan: desbideratze geografikoa (beste pasabide batzuetatik migratzea); kategoria aldatzea (migrazio-kanal batetik bestera pasatzea, legezko bideetatik legez kanpokoetara, esaterako); denbora arteko aldaketa (migrazio-politikak gogortu baino lehen irteerak bizkortzea, orain edo inoiz ez migrazioa), eta kontrako fluxu-aldaketa (itzulerako migrazio-fluxua moztea eta behin betiko geratzea sustatzea).

Desbideratze geografikoari eta kategoria ordezkatzeari dagokienean, kuantifikazio zehatzak egitea ezinezkotzat jotzen den arren, ikerketak erakutsi du korrelazio positiboa dutela pertsonen trafikoarekiko. Hau da, helmuga-herrialdeek migrazio-politika gogortzen badute, litekeena da migratzaileek bestelako bideak hautatu behar izatea, desbideratze geografikoekin eta legez kanpokoekin, baina ez diote migratzeari uzten.

Helmuga-herrialdeek migrazio-politika gogortzen badute, litekeena da migratzaileek bestelako bideak hautatu behar izatea, desbideratze geografikoekin eta legez kanpokoekin

Horri esker, mafiek aukera probesten dute pertsonak garraiatzeko eta salerosteko, migratu beharrean bizi diren pertsonen bizitzak arriskuan jarriz. Bestalde, estatuek muga-politikak gogortzeko asmoa erakutsi izan duten momentuetan, masifikazioak gertatzen dira denbora arteko ordezkapenagatik, eta horrek ere arriskuen handiagotzea dakar pertsona migranteentzako.

48.704 hildako izan dira gutxienez Europara zihoazen bideetan, eta 89.200 AEBetara edo Kanadara bidean

Giza-hondamendia perspektiban jartzearren, azken hamar urteetan migrazio-prozesuetan hildako pertsona kopurua 138.000 ingurukoa izan da Europan eta Ipar Amerikan bakarrik, Migration Data Portal web-orriak emandako informazioaren arabera. 48.704 hildako izan dira gutxienez Europara zihoazen bideetan, eta 89.200 AEBetara edo Kanadara bidean. Hala ere, ikerketak berak adierazten duenez, kalkulu teorikoak askoz ere handiagoak dira.

EZ DAGO IRUZKINIK