AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/09/08 17:42

Interes-tasen igoera historikorik handiena gauzatu du Europako Banku Zentralak (EBZ) ostegun honetan: 0,75 puntukoa. 2022ko bigarren igoera horrekin, birfinantzaketa-eragiketetarako interes-tasa %1,25ekoa izango da; gordailu-tasa, berriz, %0,75ekoa, eta mailegu-erraztasunekoa, %1,50ekoa. Hala, diruaren prezioa 2011. urteaz geroztik ikusi gabeko mailarik altuenean kokatu da. Izan ere, EBZk hamarkada bat baino gehiago zeraman pizgarri monetarioaren bidetik interes-tasak eremu negatiboan finkatzen. "Horrek ez du inolako logikarik, eta uneren batean pagotxa amaitu behar zen", adierazi du Santiago Niño Becerra ekonomialariak Kataluniako Telebistan.

Neurri horien berehalako emaitza hipoteka guztien eta finantzazio publiko zein pribatuaren garestitzea izanen da. Horrekin, EBZk eskaria jaistea eta inflazioa moteltzea espero du. Epe laburrean, %2,0ra murriztu nahi dute inflazioa: %5,5era datorren urterako eta %2,4ra 2024rako. Aurreikuspenak baino gehiago, asmo hutsak dira, ordea. Litekeena da urte honen amaieran inflazioa %8tik gora egotea. Gainera, prezioen igoera azeleratuak zuzenean baldintzatzen dituzten faktore asko ez daude EBZren esku; euroaren ahultasun erlatiboa eta energiaren inportazio-kostuak, esate baterako.

Hazkundea moteltzen

Egoera ziurgabe horren aurrean, inork ez daki zein izango den energiaren nahiz erregaien prezioek, eta zeharka, gainontzeko merkantzia guztiek, edukiko duten bilakaera zehatza. Gauza bat jakina da, ordea: monetaren ahultasunak Europar Batasunaren merkatal-balantza desorekatu ahala, arazoa areagotu baino ez da egingo. Izan ere, inportazioen ehunekoa esportazioenaren gainetik areagotzen den heinean, inflazioa areagotzen da. Duela gutxi aditzera eman denez, Alemaniako Barne Produktu Gordinarentzat (BPG) estrategikoak diren zenbait industria geldirik daude, energiaren kostuen ondorioz.

Elementu horiekin guztiekin, interes-tasen igoera gehiago espero dira 2022. urtea amaitu baino lehen, baita 2023an zehar ere. EBZk, bere partetik, "Euroguneko hazkundearen moteltze nabarmena" azpimarratu du. Urte honen amaieran eta 2023ko lehen hiruhilekoan geldialdi bat izango dela aurreikusi dute, energiaren prezio altuek erosketa ahalmenean duten eraginagatik, bai eta "egoera geopolitiko txarrak familien eta enpresen konfiantzan duen eraginagatik ere".

EZ DAGO IRUZKINIK