AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/06/08 18:27

Eurostat Europako estatistika bulegoak euroguneko lehen hiruhilekoari dagokion Barne Produktu Gordinaren (BPG) indizea zuzendu du berriki. BPGak %0,1 atzera egin duela kalkulatu du, aurreko kalkulutik ebatzitako %0,1eko hazkundearen ordez. 2022ko laugarren lauhilekoan ere %0,1 jaitsi zenez, bi hiruhilekoz jarraian atzerakada izan da, eta beraz, euroguneko ekonomia atzeraldi teknikoan sartu dela esan daiteke. Atzeraldi txikia, oraingoz.

Atzeraldi teknikoaren definiziotik harago (BPGren beherakada bi hiruhilekoz jarraian), ekonomia kapitalistak benetan atzeraldian daudela ulertzen da ekoizpenaren eta enpleguaren beherakada iraunkorra gertatzen denean. 2008ko lehen hiruhilekoaren eta 2009ko laugarren hiruhilekoaren artean gertatu zen hori, munduko finantza-krisiaren testuinguruan. 2020an zehar ere gauza bera gertatu zen, COVIDaren osasun-krisiarekin batera. 2008ko astinduarekin, Espainiako Estatuko ekonomia ez zen suspertu 2013ko hirugarren hiruhilekora arte, eta, aldi horretan bakarrik, 2,5 miloi enplegu galdu zirela kalkulatzen da.

Ekonomialari ortodoxoek zein erakundeek ez dute atzeraldi errealerako arriskurik ikusten euroguneko ekonomian. Are arrisku gutxiago ikusten dute Espainiako Estatuan, hazkunderik handiena izan duen euroguneko herrialdea izan dela erakusten baitute azken datuek. Gauzak horrela, ez dute jardueraren beherakada ez suntsiketa iraunkorrik aurreikusten berehalakoan. Alemanian, euroguneko atzaraldiaren erantzule nagusi den herrialdean, atzeraldia "koiunturala" dela dio Gobernu Federalak.

Hala ere, indize horrek ezer gutxi dio bere horretan, eta kontu handiz ibili behar da ondorioak azkarregi ez ateratzeko. BPGaren beherakadak ekonomia kapitalistak oso gaizki doazenean baino ez dituzte emaitza esanguratsu eta eztabaidaezinak ematen, hau da, langile askok egunerokoan dagoeneko bizitzen ari direna eta badakitena ziurtatu ohi dute. Gainontzean, Espainiako Estatuko BPGaren hazkundea euroguneko altuena izateak ez du esan nahi bertako ekonomia egonkortuta dagoenik, eta ez du igoera hori nola gauzatu den ulertzea baimentzen.

EZ DAGO IRUZKINIK