AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/01 00:27
Euriborraren igoera milioika familiaren poltsikoak kaltetzen hasi da dagoeneko Espainiako Estatuan, ekainetik aurrera hilean 100 euro gehiago ordaindu beharko baitituzte tasa aldakorreko hipotekak. Mota horretako hipotekek azken zazpi urteko maximoetan itxi dute maiatza, %0,277an, hain zuzen ere.  Duela urtebete %-0,487an zegoen.

Europako hipoteka aldakorren interes-tasak kalkulatzeko erreferentziazko indizea zazpi hamarren baino gehiago igo da Espainiako Estatuan: 2022ko urtarrilean izandako %-0,477tik, maiatzeko %0,278ra, hileko azken bi egunetako datuen faltan. Izan ere, goraldia progresiboa izan den arren, indizearen goranzko kurba nabarmena izan da aurten, batez ere otsailetik aurrera, Ukrainako gerra hasi zenetik. Gatazka armatuak energia-krisi estrukturala agerian utzi du, inflazioa %10etik gertu bultzatuta.

Hipotekadunak kaltetuta

Ekonomialariek "historikotzat" jo dute mota aldakorreko hipoteken interes-tasaren itzuli historikoa, geroz eta eragin handiagoa baitu hipotekadunen poltsikoetan. Iazko urtarrilera arte, kuotak behera egiten jarraitzen zuen, baina aurtengo urtarriletik hona, gora baino ez du egin berriro, indartsu gainera.

Ekonomialari baikorrenak Euriborrak egungoak baino askoz balio handiagoak (%5etik gorakoak) izan dituela esango duten arren, hilabete honetan hipoteka-maileguaren hileko kuota berrikusten duten milioika lagunek 100 euroko igoera sumatuko dute; urteko 1.200 euroko ordainketa gehigarria, alegia. Aditu batzuen ustez, "historikoki Euriborra ez da inoiz hainbeste igo hain denbora laburrean".

Kredituaren zailtzea

Euriborraren igoeraren ondorioak ez dituzte tasa aldakorreko hipotekadunek bakarrik pairatuko. Datozen hilabeteetan etxebizitza bat erosteko aukera aurreikusten zutenei edo hipoteka sinatzear daudenei ere eragingo omen die, banketxeen eskaintzetan gauzatzear den aldaketaren ondorioz. "Tasa finkoko hipoteken geldialdia" aurreikusten dute adituek.

Bankuak "hipoteka finkoa baztertzen" ari omen dira pixkanaka, Euriborraren gorakadak estrategia-aldaketa eragin baitu finantza-erakundeetan. Tasa finkoen eskaintza gehienak %2 ingurukoak dira; zifra hori 2017an edo 2018an oso ohikoa zen arren, 2021ean ikusten zenaren ia bikoitza da.

%1etik gora urte amaieran

Gainera, Euriborrak azken bost hilabeteetan izandako joera ikusita, hurrengo zazpi hilabeteetarako kalkulua eginez gero, eta ildo beretik jarraitzen duela kontuan hartuta, 2022. urtea %1,3 inguruko Euriborrarekin amaitzea espero daiteke. Kalkuluok aurreikuspen matematiko hutsak diren arren, betetzen badira, 2012ko zifretan amaituko litzateke urtea. Une horretan, 2008ko atzeraldi ekonomikoaren unerik txarrenak pairatzen ari ziren Espainiako Estatuan.

Bruselaren mehatxupean

Aurreko guztiari Europako Banku Zentralak (EBZ) uztailean interes-tasak igo ditzakeela gehitu behar zaio. Zurrumurru eta filtrazio ugariren arabera, Christine Lagarde buru duen erakundeak erabaki hori hartuko balu, "Euriborrari gasolina gehiago botatzen" ariko litzateke. Hala, hilabete batean edo bitan %0,5era irits daitekeela adierazi dute zenbait adituk. Urte hasieran baikorrago azaltzen ziren arren, Euriborrak aurreikuspen guztiak hautsi dituela ikusita, 2022a %1etik gorako indizearekin amai daitekeela aitortzen dute.

Prezioetatik ihesi

Koiuntura ekonomiko malkartsuaren aurrean, interes mota mixtoa duten hipotekak ugaritu egin dira azken urteetan. Tasa mixto horrek prezio finkoa eskaintzen du hipoteka ordaintzeko epearen lehen hamarkadan, eta aldakorra ondoren. Bada, Espainiako Estatuan pertsona ugari subrogaziora jotzen ari dira epe finkoa agortu eta Euriborrak gora egin ahala, hau da, hipotekak ordaintzeko baldintza hobeak eskaintzen dituzten banketxeekin birkontratatzen dituzte.

Subrogazioaren eskaria "izugarri" igo dela ohartarazten dute adituek. Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) arabera, hipoteka-maileguaren prezioa beste erakunde batera eramanda hobetu nahi duten erabiltzaileak %30 hazi ziren 2022ko martxoan, otsaileko zifrekin alderatuta. Zehazki, 2.451 hartzekodun subrogatu ziren (banku aldaketa), eta 606 zordun (hipotekaren titular aldaketa).

EZ DAGO IRUZKINIK